HHko eta LHko langileen ia erdiek greba egin zuten, atzo, Herrikiden

Ataria 2019ko apirilaren 4a

Itunpeko ikastetxeetan, lau egunetako lanuztea deitu dute aste honetan. Maiatzeko bi egunetarako ere deitu dituzte langileak.

Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan, lau greba eguneko deialdia egin dute aste honetan. 250 ikastetxetako 9.000 langile inguru greba egitera deitu zituzten ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, 100.000 ikasle ingururi eraginez. Urtetan berritu gabeko hitzarmena berritzea eskatzen dute langileek. Sindikatuek bilerara deitu zituzten patronala eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, asteartean, negoziatzen jarraitzeko, baina ez ziren bertaratu.

Tartean, Tolosako Herrikide ikastetxean egin dute greba. Peio Agirrezabal zuzendariak oso lauso ikusten du egoera. «Logika aplikatuz ere, ez dugu erantzun zehatzik aurkitzen, gertatzen ari diren mobilizazioak nora bideratzen diren behar bezala ulertzeko». Kristau eskolek lau eguneko lanuztea deitua bazuten ere, Herrikideren kasuan, atzo bakarrik egin zuten greba, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako langileen erdiak baino zertxobait gutxiagok. Ikastetxeak ez zuen gainerako mailetako datu zehatzik bildu.

Aipatzekoa da, aste honetako lau greba egunez gain, gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeek beste bi deialdei egin dituztela, maiatzaren 8rako eta 9rako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!