Frontoiaren ondoko bidea zabalduko dute Bedaion

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko apirilaren 3a

Tolosako Udalak kale osoko errepidea zabalduko du eta argiteria berria jarriko du.

Bedaio auzoan frontoiaren eta elkartearen artean dagoen errepide zatian obrak hasiko dituzte maiatzean. Tolosako Udalak errepide osoa berrituko du. 5,5 metroko zabalerara zabaltzeaz gain, argiteri berria jarriko dute.

Auzotarren erosotasuna lortu nahi dute, eta mugikortasuna erraztu. Honela bi ibilgailu gurutzatzea ahalbidetuko da. Lanak maiatzean hastea aurreikusi dute, eta lau hilabeteko epean bukatuko dituzte.

Egungo errepideak 4,5 bat metroko zabalera du, eta 5,5 metrora zabaltzeko beharrezkoa izango da 69 metro luzeko horma bat eraikitzea. Elkarterako sarbidea egokituko dute, eta sortuko den plataforman jarriko dituzte edukiontziak. Antolamendu berriarekin aparkaleku berriak sortuko dira. Zoladura guztia berrituko da, eta argiteria berria ingurumenarekin jasangarriagoa eta argia egoki banatzen duena izango da. Aldi berean, obrak eragindako ur-hoditeria eta saneamendu tutuak ordezkatuko dira. 173.142,48 euroko aurrekontua dute lan guztiak egiteko.

HONDORATUTAKO ERREPIDEAN

Aldundiak 2018ko abenduan onartu zuen Bedaiora doan GI-3711 errepidean eraberritze lanak egitea. Zehazki 4,3 kilometroan da, eta hasi dira lanekin. Puntu horretan errepidea hondoratu egiten da, eta ezponda egonkortzeko lanak gauzatuko dira. Proiektuak 698.574,68 euroko aurrekontua du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!