Eskualdeko ikasketa eskaintza bertatik bertara ezagutzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 2a, 20:00

Asteburuan, Lanbide Heziketaren eskutik, azoka izango da Trianguloa plazan. 5 ikastetxetako ikasle eta irakasleek hartuko dute parte, baita enpresa desberdinetako kideek ere. Lanbide Heziketako zentroetan egiten duten lana goraipatu dute alderdi desberdinek.

Aspalditik, enpresa jarduerari erreparatuz, Tolosaldea eskualde industriala dela esan daiteke. Hori dela eta, ikaste prozesuan urrats berriak eskatzen dituzte enpresek, eta Lanbide Heziketak, lan mundura sartzeko bideak hobetzen dihardu. Bide horretan, 2016an jarritako aletxoak, fruituak eman ditu; orain, epe honetan ereindakoa herritarrei ezagutarazteko unea da. Asteburuan, Lanbide Heziketa Azokaren laugarren edizioa hartuko du Trianguloa plazak.

Unai Igartua irakasleak atzoko aurkezpenean aurreratu zuenez, eskualdeko bost Lanbide Heziketako ikastetxeen eskaintza zabala kalera ateratzeko aukera ematen du azokak. «Zalantzan dagoen edonor etor dadila, besoak zabalik jasoko dugu, zerbitzuen eskaintza askotarikoa baita». Azokaren helburua, zentroen formazio eskaintza zuzenean ematea eta ezagutaraztea da, eta batez ere, euren etorkizuna bideratu nahi duten ikasleei, formazio bat jaso nahi duten langileei, eta langabeei zuzentzen da.

Olatz Peon Tolosako alkateak adierazi zuenez, eskualdean arrakasta handia du Lanbide Heziketak. «Dagoeneko askorentzat ez da bigarren hautua, lehenena baizik, eta hor daude datuak». Euskal ikasleen erdiak Lanbide Heziketa aukeratzen dute, unibertsitatearen aldean, eta urtero, 600 ikasle inguruk hasten dute bere formakuntza Lanbide Heziketako zentroetan.

Bi azoka, bakar batean

Gainerako erakunde eta enpresekin proiektuak gauzatzerako orduan, ikastetxeek egiten duten elkarlana ere nabarmentzekoa dela esan zuen Peonek. Tolosaldea Lanbide Institutua, Inmakulada LH Ikastola, Fraisoro Eskola, Don Bosco Paper Eskola eta Peñascal Kooperatiba dira ikastetxe horiek. «Elkarlan honi esker, azokan presente geratzen da, Tolosa, lan munduak eskatzen dituen hiru sektoreetara iristen dela, osagarriak garelako», aipatu zuen Amaia Karrera Inmakulada Lanbide Heziketa Institututuko irakasleak.

Aurten ere, asteburu honetako azoka bitan banatuko dute. Izan ere, ostiralean egingo dute lehen saioa, eskualdeko ikastetxeetako ikasleei zuzendutakoa. 9:00etan zabalduko da, 14:00ak arte luzatuz. «Bisita gidatuak antolatu ditugu, egiten dugun lana zuzenean ezagutzeko aukera eskainiz».
Larunbatean, berriz, herritar guztiei zabalik egongo dira postuak. Bertatik bertara, zer nolako lana egiten duten ezagutzeko, esperimentatzeko eta parte izateko aukera izango da. «Lanbide Heziketak duen eskaintzaren berezitasuna ezagutzeko premia dugu. Lan handia egiten ari gara, punta-puntako eskaintzarekin».

Orotariko metodologiak

Aurreko astean, kafe tertulia bat egin zuten, Lanbide Heziketako zentroetako langile, irakasle, ikasle, guraso eta ikasle ohiekin, hezkuntza sistema honen ezaugarriak, indarguneak eta gabeziak gizarteratzeko asmoz. « Lanbide Heziketa, enpresen eta gizartearen eskarira egokituta dago», esan zuen Igartuak.

Metodologia desberdinei esker, ikaslea protagonista bihurtzen dela dio, enpresekin harremanak sustatuz. Praktiketan, kasu errealekin islatzen dugu gure lana. Bestetik, urtean zehar ikasten ari diren bitartean, 'DUAL prestakuntza' egiteko aukera izaten dute. Ikasleak benetako egoeretan ikasten du, urtebeteko lan esperientzia lortuz.

Lan poltsa bat ere badute, ikasketak bukatzen dituztenerako. 'Erasmus+' ekimenak, berriz, nazioartean ikasketak egiteko aukera ematen die ikasleei, enpresek gero eta gehiago eskatzen baitituzte atzerriko hizkuntzan trebatutako ikasleak. ‘ETHAZI’ irakasteko pedagogia berriari esker, ikasleak, zeharkako gaitasunetan trebatzen dira. Azkenik, 'Ikasenpresa' programak, euren proiektuak aurrera eramateko aukera eskaintze die.

Euskarak, gora

Eskualdeko eragileek elkarlanean, Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko proiektu bat aurkeztu berri dute. Jexux Murua Galtzaundi Euskara Taldeko ordezkariak, Tolosaldean, euskarak elkargune bat izan behar duela nabarmendu zuen. «Euskararen arnasgunea gara, eta arduraz jokatu behar dugu, garaietara egokituz». Asko pozten da laugarren aldiz azoka hau antolatu dutelako. «Besteak beste, duela urte batzuk, Lanbide Heziketako ikasketak, teknologiaren garapenak eta euskara uztartzeko kezkak elkartu gintuen, eta bertatik eratorritako ideia da».

Euskalduntzeari dagokionez ere, azoka, «erakusleiho bikaina» izango dela gaineratu zuen. «Hamarkada gutxitan, urrats izugarriak eman dira Tolosaldeko hezkuntzan, hizkuntza nagusia euskara izan dadin. Horien artean, Lanbide Heziketako zentroetan, nahiz eta oraindik, hezkuntza komunitate osoan, hobetzeko gauzak egon».

Amaitzeko, datozen urteetarako erronka handiena, lan munduan dutela aipatu zuen. «Eskola ibilbidea euskaraz egin dutenek, lan ibilbidea ere euskaraz eraiki dezaten asmatu behar dugu. Horrek, hezitzaileena ez ezik, enpresen eta gainerakoen inplikazioa eskatzen du». Euskararen gaiari helduz, Tolosako Lanbide Heziketaren eskaintza euskara hutsean dela eta, «enpresa eremua euskalduntzeko ezinbesteko oinarria dela» nabarmendu zuen Peonek.

Langabeziak, behera

Eskualdeko garapen ekonomikoaren barruan, Lanbide Heziketak langileen formazioan egiten duen lana, balio erantsi modura definitzen du Peonek, bere ustez, «funtsezkoa baita». Atzokoan, gainera, eskualdean langabezia tasari buruz jasotako azken datuak publiko egin zituen alkateak. «Tolosaldean %9tik behera kokatu da langabezia tasa aurtengo lehen hiruhilabetean: %8,8. Langabetuen erdiak baino gehiago emakumezkoak dira. Horregatik, Lanbide Heziketako ikastetxeetan genero estereotipoarekin hautsi beharra dago». Egun, Lanbide Heziketako ikasleen %38a emakumezkoak dira.

Lanbide Heziketa amaitu ondoren, beste ikasketa mota batzuekin alderatuta, ikasleek izaten duten lan munduratzea askoz ere altuagoa izaten dela, eta urte batetik bestera, goruntz doala esan zuen Peonek. «Ikasleen %73a, ikasketak amaitzearekin batera, lanean hasten da. Industriaren kasuan, %100era ere iritsi liteke zifra». Gauzak horrela, Lanbide Heziketak, eskualdeko enpresetako egungo eta etorkizuneko langileen zubi lana egiten jarraitu nahi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!