Aste santuan sartu aurretik, Berazubi auzoa, janaz nahiz edanaz nahi adina asetzeko prestatuko da. Auzo Elkarteak antolatuta, apirilaren 4tik 7ra bitarte, II. Gastronomika ospatuko dute. Sukalderako grina eta pasioa dutenek, beraz, etxean edota elkartean egin ohi dutena, herritarren aurrean egiteko aukera dute.
Tabernen arteko I. Pintxo Lehiaketarekin hasiko da festa. Ogi gainean jarritakoa eta bizpahiru mokadutan jateko modukoa izan beharko da. Prestatuta eramatea eskatzen dute, nahiz eta elaborazio txikiren bat egiteko aukera egongo den. Epaileak, Gorka Txapartegi, Ramon Roteta, Jose Mari Esteban, Felix Belaunzaran eta Pedro Ruiz sukaldariak izango dira. Irabazleak, 600 euro eta Alameda jatetxean bi lagunentzako afaria eskuratuko ditu; bigarren sailkatuak, 400 euro eta Casa Nicolas erretegian bi lagunentzako afaria; eta hirugarrenak, 200 euro eta Botarri jatetxean bi lagunentzako afaria.
Lehiaz haratago, solasaldiek ere izango dute tartea. Iaz, elikadurari buruzko hitzaldia izan zen, eta ostiralean, Lander Cornago, Basque Culinary Center-eko ikasle tolosarrak, joera gastronomiko berrien ingurukoa eskainiko du. Solasaldiaz gain, 19:00etan hasita, Baserri Km0-Eusko Label behi hanburgesarekin, pintxo potea egingo dute.
Aurtengo jardunaldiei amaiera emango dien ekitaldia, berriz, bazkaria izango da. Jose Mari Barriolak, Felix Garridok, Mikel Morenok, Jose Ferrerasek, Ruben Trinkadok eta Edurne Tranchok prestatuko dute menu berezia: Urdaiazpikoa, mendrezka entsalada, legatza, ahate lakatua, Rafa Gorrotxategiren postrea eta kafea. Txartelak, auzo elkartean daude salgai, 35 (bazkideak) edota 40 euroren truke.
OROTARIKO LEHIAKETAK
Gastronomia jardunaldiak, baina, ezin lirateke ulertu, lehiaketarik gabe. Hori dela eta, aurten, Berazubi auzoko kideek, lau lehiaketa desberdin antolatu dituzte. Iaz bezala, patata tortila lehiaketa egingo dute, ostiralean, 19:30ean hasita. Roberto Ruiz, Edurne Trancho, Felix Garrido eta Jose Ferreras izango dira epaileak. Auzo elkarteak, patatak, arrautzak, tipula eta olioa emango ditu, eta tortilek, gutxienez, osagai horiek izan beharko dituzte. Irabazleak, txapela eta Hika txakolindegian bi pertsonentzako afaria eskuratuko ditu; bigarren sailkatuak, garaikurra eta Ordizia tabernan bi pertsonentzako afaria; eta azkenik, hirugarren postua lortzen duenak, garaikurra eta ardo sorta.
Larunbat goizean, ikatz erre usaia nagusituko da auzoan. Iazko ediziotik aldaketa txiki bat egin, eta lehen aldiz, elkarteen arteko I. Parrilla Lehiaketa jokatuko da, Baserri Km0-Eusko Label txuletekin. Antolatzaileek, parrilla, ikatza eta txuletak jarriko dituzte. Gainontzeko osagaiak, berriz, lehiakideek eraman beharko dituzte. Matias Gorrotxategi, Pedro Ruiz, Mikel Moreno eta Jose Mari Esteban arituko dira epaile lanetan.
Arratsaldean, berriz, gazitik gozora igaroko dira. 18:30eatik aurrera, postre lehiaketaren txanda izango da. Kasu honetan, Rafa Gorrotxagik, Rakel Ibañezek, Nieves Soroak eta Javier Eceizak izango dute errezeta onena aukeratzeko ardura. Sariei dagokionez, lehen bi sailkatuek, hurrenez hurren, txapela eta garaikurra eskuratuko dituzte. Lehen bost sailkatuei, gainera, herriko gozotegi desberdinetan erabiltzeko 40 euroko txartelak banatuko dizkiete.
Igandean, asteburuko menua osatuko dute, elkarteen arteko II. Bakailao Lehiaketa izango baita, 11:00etan. Lehiakideek bikoteka aritu beharko dute, eta ordu erdi lehenago bertan egotea eskatzen zaie. Elkarteak bakailoa, olioa eta baratxuria jarriko ditu; gainerako osagaiak eta tresnak, lehiakideek eraman beharko dituzte.
Ruben Trincado, Pedro Ruiz, Mikel Moreno, Matias Gorrotxategi, Juanjo Pascual eta Paula Cristina Rocha izango dira epaile lanak egin beharko dituztenak. Lehen hiru sailkatuentzat izango dira sariak. Lehenak, txapela, 300 euro eta Mirador de Ulia jatetxean bi pertsonentzako afaria irabaziko ditu; bigarrenak, garaikurra, 200 euro eta Iriarte jatetxean bi pertsonentzako afaria; eta hirugarrenak, berriz, garaikurra, 100 euro eta Jokel tabernan bi pertsonentzako afaria. Auzotarrek, iazko edizioa «positiboki» baloratu zuten, «errepikatzeko eta hobetzeko gauzekin. Aurten, gainera, inguruko elkarteek ere hartuko dute parte».