Hodeiertz abesbatza Mallorcan izan berri da

Ataria 2019ko apirilaren 1a

Duela bi aste, Tolosako taldea Balear uhartean izan zen, Joseph Haydnen Die Schöpfung obra abesten. «Erronka zaila eta esperientzia paregabea» izan dela adierazi dute.

Martxoaren 23an, Palmako Sant Francesc basilikan, Tolosako Hodeiertz abesbatzak, kontzertua eskaini zuen, Academia 1830 abesbatzarekin eta izen bereko orkestrarekin batera. Fernando Marina aritu zen zuzendari lanetan, eta abesbatzak, Joseph Haydnen kreazioa abestu zuen.

Die Schöpfung obra, zati askoren bateratzea da: Genesia liburuko atalak, Itun Zaharraren hainbat salmo, eta John Miltonen Paradisua poema epikotik hartutako zatiak. Obraren zati batzuetan, gainera, bakarlari gisa aritu ziren Maia Planas sopranoa, Antoni Aragon tenorea eta Xavier Mendoza baritonoa.

Lan honek hiru zati ditu. Hasieran, kaosaren ondorengo argia eta lehen lau egunetako elementuen (ura, lurra, landareak eta astroak) sorrera azaltzen da. Bostgarren eta seigarren egunak ere interpretatzen dira, animali eta gizakien sorrerarenak. Amaitzeko, berriz, Edenetik, Adan eta Evaren esker ona azaltzen da.

Abesbatzako kideek, «esperientzia paregabea» izan dela diote. «Hain enblematikoa den obra hau, erronka bat izan da guretzat; Enrike Azurza zuzendariak, mimo handiz prestatutakoa». «Abesbatzan egiten dugun lana azaltzen du, eta taldeak edozein esparrutara egokitzeko duen gaitasunaren isla izan da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!