Ion Areitiok irabazi du Tolosan jokatu den Gipuzkoako trial txapelketaren proba

Irati Urdalleta 2019ko martxoaren 31

Usabalen jokatu den Gipuzkoako trial txapelketaren bigarren proban Ion Areitio izan da irabazlea elite mailan. Iker Rodriguez eta Oier Mitxelena sailkatu dira bere atzetik.

Gozatzeko eta bizikleta gainean duten trebezia erakusteko aukera izan dute trial zaleek, gaur goizean Tolosako Usabal kiroldegiko trial gunean jokatu den Gipuzkoako trial txapelketaren bigarren proban. Benjamin mailatik hasita elite mailaraino, 50 partaide inguru izan dira.

Horien artean egon da Irene Caminos tolosarra ere eta hirugarrena izan da junior eta seniorren mailan. Bere aurretik sailkatu da Aitor Murua eta Ivan Garrues izan da garaile. Master 30 mailan, berriz, Imanol Maciasentzat izan da garaipena eta bere atzetik geratu dira David Martin eta Iban Molinero, hurrenez hurren.

Kadete mailan Josu Perez eta  Iñigo Garrues izan dira lehenengo biak. Infantiletan, podiumera Miguel Barrio, Fermin Manrique eta Kristian Anfeio igo dira. Alebinetan lehenengo hiruak Hodei Martin, Beñat Maiz eta Dabid Txokarro izan dira. Azkenik, benjaminetan, Ander Montoia, Alvaro Jimenez eta Markel Larrañaga izan dira hiru lehenengoak.

Gipuzkoako trial txapelketako bigarren jardunaldia izan da hau eta Aretxabaletan jokatuko den hirugarren bat falta da oraindik.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!