Guztira, 950 kilo hondakin bildu dituzte Oria ibaia garbitzen

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 29a, 11:07

Uraren Nazioarteko Egunaren harira, 13 metro kubiko hartzen dituen zabor kopurua bildu zuten herritarrek, joan den astean garatutako egitasmoan.

Tolosako Ingurumen Zentroak, Oria Ibaiaren garbiketa egin zuen, joan den astean, herriko ikastetxe eta eragileekin elkarlanean. Astean zehar, hiru ikastetxeetako 310 ikasle aritu ziren, udal teknikarien laguntzaz. Larunbatean, berriz, herritarrei zabaldutako garbiketa egin zuten. 80 pertsona inguruk hartu zuten parte. Herritarrez gain, ibaiarekin lotura estua duten taldeak ere izan ziren: TAK, Tolosaldeko Arrantzale Elkartea, Zumardia, Babes Zibila eta Forest elkartea. Udalak materiala banatu zuen, eta uneoro teknikarien laguntza izan zuten.

Guztira, 13 metro kubiko hartzen duten 950 kilo hondakin atera dituzte. «Gehienak ontzi arinak izan dira; oihalak, aterkiak, trafiko seinaleak eta 3 erosketa karro ere bazeuden», azaldu du Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak. «2005etik hona ez zen tamaina honetako garbiketarik egin. 2016an egitasmoa abian jarri genuenean, uste baino hondakin gehiago eta bolumen handiagokoak atera genituen. Garbiketa hiru urtez jarraian egitearekin, aurretik egindako lana nabari da. Balantzea oso positiboa da».

Amantegiren esanetan, «pozgarria da Oria ibaiaren garbiketan herritarrek konpromisoa hartzea. Uraren kalitatea ona da, baina ibaia ez da ura bakarrik». Ontzi arinen inguruko hausnarketa egiteko ere eskatu du: «Material hau izugarrizko kaltea eragiten ari da inguruan, gehienbat itsasoan». Zinegotziaren arabera, «lorpen bikoitza» izan da garbiketa horrena: «Ibaia oso garbi geratzea, eta ibaiarekiko hezkidetzan urrats bat ematea». Zinegotziak garbiketako kideen esfortzua azpimarratu du.

Udalak ibaiaren zaintzarekin jarraituko du, baina prebentzio neurriak ere hartuko dituzte. «Ontzi arinen jarioa ekiditeko, ibai ertzeko zabor ontziak lekuz aldatzea edo tapa jartzea aztertzen ari gara. Bestalde, zubietan eta erreka bazterretan, sareak jartzea ere pentsatu dugu». Era berean, udalak azaldu du, Tolosatzen prozesuaren baitan, Oria ibaiak eskaintzen dituen aukera eta erabilera ezberdinak sustatu behar direla.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!