Irene Caminos bigarren, Bartzelona Hiria sarian

Ataria 2019ko martxoaren 29a

Irene Caminos trialsineko txirrindulari tolosarrak bigarren egin zuen, joan den asteburuan, Bartzelona Hiria nazioarteko sarian. Irabazlea Vera Baron madrildar gaztea izan zen, eta hirugarren postuan Debi Studer suitzarra geratu zen.

Zirkuituaren bost eremutan 240 puntu eskuratu zituen Baronek, eta Caminosek eta Studerrek 210 puntu lortu zituzten. Tolosarrak bigarren postua eskuratu zuen, sailkapen proban emaitza hobea lortu zuelako. Maila handiko parte hartzea izan zen Bartzelonan, bertan Nina Reichenbach munduko txapeldun alemaniarra eta Manon Basseville Frantziako txapelduna aritu baitziren.

Gipuzkoako Txapelketa

Igande honetan, martxoak 31, Gipuzkoako Trialsin Txapelketako bigarren proba izango da Tolosan, Usabal kiroldegiaren ondoko trialsineko pistan. 09:30ean hasiko da lehiaketa. Ordu horretan benjaminak, alebinak, infantilak eta kadeteak hasiko dira. Ondoren, 11:00etan, junior-senior, master 30 eta elite mailakoak aterako dira, eta bertan izango da Irene Caminos. Gipuzkoako Txapelketako lehen proba Hernanin izan zen, otsailean. Hirugarrena Aretxabaletan egingo dute, maiatzaren 19an.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!