Erakuslehioak atzean utzi, eta herritarrengana hurbiltzeko unea

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko martxoaren 29a

Bihar, larunbata, saltokien eguna ospatuko dute Braderie festarekin. Orain arte San Frantzisko pasealekuan ezartzen ziren postuak, Trianguloa plazan jarriko dira.

Askotan entzuten den esaldia da: «Herri honetan astebururo dago zerbait». Udazkenean, batez ere, ugariak izaten dira Tolosan antolatzen diren kultur ekitaldiak. Udaberria heltzearekin batera, baina, Tolosako komertzioek hartzen dute, herria girotu eta herritarrengana gehiago hurbiltzeko ardura.

Ohiturari jarraituz, larunbatean, Tolosako saltokien festa ospatuko dute: Braderie eguna. Aurten ere, ia 80 komertziok hartuko dute parte, euren eskaintza onenekin. Ospakizunak, gainera, ez du etenik izango, 10:00etan hasi, eta arratsaldeko zortziak bitarte luzatuko baita.

Saltokien presentziaz gain, herrian kale giroa sustatzen dute urtero. Horregatik, aurten ere, hainbat jarduera antolatu dituzte. Trianguloa plazan, 2-7 urte bitarteko haurrentzako parkea jarriko dute, goizez eta arratsaldez. Gainera, hainbat tailer ere izango dira.

Iaz bezala, tren bat herria zeharkatzen ibiliko da, Trianguloa plazan hasi eta amaituko den ibilbidean. Aurtengo Braderie-a berrikuntza batekin dator. Izan ere, aurreko urteetan San Franzisko pasalekuan jartzen ziren komertzioak, Trianguloan izango dira, Tolosa&Co elkartearen postuaren inguruan. Elkarteak, gainera, bere produktuak jarriko ditu salgai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!