Tolosako eraikin publikoetako argiak itzaliko dituzte bihar

Ataria 2019ko martxoaren 29a

'Planetaren ordua' ekimenaren barruan, aldaketa klimatikoaren aurkako aldarrikapen keinu bat egin nahi du Tolosako Udalak. Argien itzaltzea bihar izango da, iluntzeko 20:30eatik 21:30eara. Herritarrek ere ekimenarekin bat egitea nahi dute.

Tolosako Udala WWF World Wildlife Fund funtsak sustatutako 'Planetaren ordua' ekimenera batu da; aurten, 'Planetaren alde Jardun' lelopean. Hori dela eta, eraikin publikoen argiak itzaliko dira, aldaketa klimatikoaren aurkako aldarrikapen keinu gisa.

Argiak bihar itzaliko dituzte, 20:30etatik 21:30era, ondorengo eraikinetan: Udaletxea, Zerkausia, Eduardo Mocoroa musika eskola, kultur etxea, Errota, Usabal kiroldegia eta Berazubi kirolgunea.

Ingurumen departamentutik herritarrak ordubetez argiak itzaltzera gonbidatu dituzte, 20:30ak eta 21:30ak artean, honela klimaren alde lan egitearen kontzientzia sortuz.

Zortzi urte dira, mundu osoan milioika pertsona, enpresa, erakunde eta ikastetxe batzen direla aldaketa klimatikoaren aurkako 'Planetaren ordua' ekimena babestera. Guztira, aurten, 188 herrialdetako 8.000 hiri baino gehiagok hartuko dute parte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!