«Urte oso bat igaro nuen tronboiaren ahokoarekin, tronboia bera ukitu gabe»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 28a, 19:59

25 ikasturte dira musika eskolako ikasleen banda zuzentzen hasi zela; Piñata igandean, sorpresa bat egin zioten bertako kideek. Haizezko instrumentuen irakaslea ere bada.

Ederki asko oroitzen du, ikasleen bandako kide zenean, Iparragirre antzokian, musika bandako errefortzu bezala eskainitako kontzertua. Herrian, ikasleen bandako zuzendari modura ezaguna da, Migel Angel Moreno Bagües (1960, Tolosa). Dena den, haizezko instrumentuen irakasle bezala, 33. ikasturtea betetzen ari da, eta armoniako irakasle ere bada. Hasieran 5 ikasle zituen; egun, urtero, 30 bat izaten ditu. Erretiroa hartu arte jarraitzeko asmoa duela dio.

Nola gogoratzen duzu musikarekin izandako lehen kontaktua?

Haurra nintzela, gurasoekin beti joaten nintzen musika bandaren kontzertuak ikustera. Amak, gainera, oso gustuko zuen musika, bere bi osabek tronpeta jotzen baitzuten. Orduan, txikitatik solfeoan hasi eta, 13 urterekin, tronboia jotzen ikasten hasi nintzen.

Zergatik tronboia?

Berez tronpeta jotzen ikasi nahi nuen eta, ez dakit oso ondo zergatik, baina tronboiaren ahokoa eman zidaten. Urte oso bat igaro nuen horrekin, tronboia bera ukitu gabe. Urtebetera, tronboi zahar bat hartu nuen.

Tronpeta gustuko zenuen?

Ez dakit. Tronboia baino ezagunagoa zen. Erabakitzerako orduan, ordea, ez nuen oso garbi.

Haizezko instrumentu gehiago jotzen ere badakizu.

Tuba, tronboia eta bonbardinoa jotzen ditut. Akordeoia ere bai.

Akordeoia?

Bai. Nahiko libre hasi nintzen. Bi gradu zeuden orduan: oinarrizkoa eta erdi mailakoa. Jose Tarragona izan zen lehen irakaslea. Titulua lortzeko, ordea, erdi mailako gradua eta armoniako ikasketak beharrezkoak ziren. Beraz, Isidro Larrañagarena jo nuen.

Tronboiaren oinarrizko ikasketak, berriz, Jose Luis Oconekin egin nituen, Donostiako kontserbatorioan. Nota altuen soinua lortzeko, ordea, arazoak izan nituen. Beraz, tubako graduari ekin nion.

Ondoren, musika eskolan irakasle izatera igaro zinen.

1985ean hasi nintzen armonia irakasten, ikasleen eskariari erantzuteko. Askok joan nahi zuten kontserbatoriora, eta beharrezkoak zituzten armonia ikasketak. Orduan, Luis Mari Gartziak proposatu zidan lanpostua. 1992-93 ikasturtean, berriz, tubako, tronboiko eta bonbardinoko irakasle modura hasi nintzen, eta horrela nabil orain ere.

Gainera, ikasleen bandako zuzendaria zara eta, aurten, 25 ikasturte bete dituzu.

Bai. Zaila da hiru karguak bateratzea. Urte asko dira, eta jende ugari igaro da bertatik. Gainera, gehienak, Tolosako Musika Bandan daude orain; beste batzuk, berriz, txarangetan aritzen dira.

Zertan bereizten da banda?

Ikasleen zubi-lan berezia egiteko balio du. Musika munduan profesional modura jarraitzeko balio izan die askori. Beste batzuek, talde batean jotzeko ilusioz hartzen dute bertan aritzeko aukera.

Urtero egun berezietan ateratzen zarete kalera.

Santa Zezila egunean, Gabonetan, kaldereroen konpartsan, Musikerria festan, sanjoanetako su txikian... Baina, bereziena, Piñata igandeko kalejira da. 15 urte bete ditugu konpartsarekin.

Urtero gai bat hartzen duzue.

Bai. The Beatles taldea, Oskorri, ABBA, Veneziako inauteria edo Tiroleko musikariak, besteak beste. Nik hautatzen ditut mozorroak eta doinuak. Behin inauteriak igarota, hurrengoak prestatzen hasten naiz, 30 instrumenturen moldaketak egiteko denbora behar dudalako. 2020an, Irlandako musika izango da gaia.

Aurten opari bereziak jaso dituzu. Ondo gordeko dituzu?

Sorpresa bat izan zen. Ez nekien ezer, txapela eta batuta jaso nituen arte. Txukun gordeko ditut.

Batuta erabiliko duzu?

Ez. Hasieran erabiltzen nuen, baina eskuetan zerbait edukitzea ez nuen gustuko, ardura handiegia zen. Beraz, azken urteetan egin moduan, aurrerantzean ere ez dut erabiliko.

Zortzi ikaslek jaso dute, aurten, euskadiko orkestren deia.

Oso albiste ona da. Horietako batzuk nire ikasleak izan ziren. Noizbehinka ateratzen dira horrelakoak, nahiz eta gutxi izan.

MOTZEAN

Ikasiko zenukeen instrumentu bat? Biolontxeloa.

Ikasiko ez zenukeen bat? Ez dakit. Guztiek dute xarma berezia.

Irakasle bat? Jose Tarragona.

Zuzendari bat? Jose Antonio Ruiz-Bona.

Konposatzaile bat? Stravinsky.

Obra bat? Beethovenen Lehen Sinfonia.

Orkestra, banda ala txaranga? Dudarik gabe, banda.

MUSIKA BANDEN TOPAKETAN PARTE HARTUKO DU

Loatzo Musika Eskolak ikasleen banden topaketa antolatu du, larunbatean, Villabonan. Bertan, Loatzoko ikasleen bandaz gain, Miguel Angel Morenok zuzentzen duen Eduardo Mocoroa Musika Eskolako bandak eta Orioko Danbolin Musika Eskolakoak hartuko dute parte. 17:30ean kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar eta, 18:30ean, berriz, emanaldia, Txistulari plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!