Tolosa Eskubaloiak eskura du igoera fasea

Imanol Garcia Landa 2019ko martxoaren 28a

Asteburu berezia izan da Tolosa CF Eskubaloia taldekoentzat. Ligako lehen posturako lehiakide zuzena den Anaitasunari Iruñean irabazi zioten partida, eta orain bi puntu ateratzen dizkiote.

Horrez gain, bost partidaren faltan eta, beraz, hamar puntu daudelarik jokoan, hirugarren sailkatua bederatzi puntura dago. Igoera fasera lehen bi sailkatuak joaten direnez, hondamendi batek gertatu beharko luke, Tolosa lehen bi postu horietan ez izateko.

Estanis Arsuaga taldeko kapitainak azaldu du, puntu bakarra falta zaiela, matematikoki lortzeko: «Liga guztian bi partida bakarrik galdu ditugunez, ezin dugu pentsatu ere egin, igoera faserako ez sailkatzea». Falta diren bost partidak igoera fasea prestatzeko erabili ahalko dituztela azaldu du Arsuagak.

Hain justu, Anaitasunaren aurka asteburuan lortutako garaipena taldea sasoian dagoenaren erakusgarri izan da. «Partida hori ligako finala bezala zen. Dena eman behar genuen, eta bukaerara arte tentsioa bizitu zen, bai kantxan, eta baita harmailetan ere. Emozio handiarekin bizitu genuen garaipena. Gainera, jende asko joan zen Tolosatik, eta ederki ospatu genuen», esan du Arsuagak.

Lehen maila nazionalean sei multzo daude, eta lehen biak sailkatzen dira igoera faserako. Hamabi talde horiek hiru sektoretan banatuko dira, bakoitza lau talderekin. Sektore bakoitzak asteburu batean jokatzen du igoera fasea, eta lehenengoa igotzen da bigarren mailara. Orain hiru urte Tolosan jokatu zen sektore horietako bat, eta Tolosa CF-k lortu zuen igotzea. Maiatzaren 5eko asteburuan dute ligaren azken partida, eta bi asteburura jokatuko dute igoera fasea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!