Teknologia zaleek izugarri gozatu dute asteburu osoan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko martxoaren 27a

Asteburuan ospatu da 13. Gipuzkoa Encounter jaialdia. Urteroko bisitari kopurua errepikatzeaz gain, aurtengo edizioan berrikuntza ugari izan dira.

Gipuzkoa Encounter jaialdiko antolatzaileak «oso pozik» agertu dira dibertimenduz eta formakuntzaz beteriko jardunaldiekin. Hiru eguneko teknologia festaren barruan, hitzaldi, tailer eta lehiaketetan pertsona ugarik hartu dute parte, eta 3.000 bisitari inguru bertaratu dira Usabal kiroldegira. «Izen emate errekorra gutxi balitz, adin guztietako jendea hurbiltzen da topaketaren eskaintzaz gozatzera».

Ehunka lagunek gozatu dute Opengune eremuko doako ekintzez: prestakuntza saioak, bideo-jokoak, errealitate birtuala eta 3D inprimaketa. «Arratsaldeetan, gainera, guztiz bete zen edukiera». Bestetik, zibersegurtasuneko hitzaldi eta tailerrek teknologia berrien zale ugari erakarri dituzte, eta «nota bikaina» lortu dute programatzaileei eta segurtasun informatikoan aditu direnei zuzendutako lehiaketek. Jaialdiaren dibulgaziorako bokazioa dela eta, beste gai askotako hitzaldiak ere izan dira, eta modding-aren (ordenagailuen eraldaketa estetikoa eta teknikoa) inguruko tailerrak arrakasta handia izan du, esaterako.

Ordenagailuak apaintzeko binilo tailerrek ere zale asko elkartu dituzte, baita overcloking arloko ikastaroek ere. «Zehazki, gailuen errendimendua areagotzen ikasi dute; izan ere, makinek muturreko tenperaturak hartzen dituzte kalkulu-froga gogorrak burutzen dituztenean, eta beharrezkoa izaten da horiek hoztea, matxuratu ez daitezen».

Arte digitaleko lehiaketa ugari ere izan dira, eta epaileek bereziki nabarmendu dituzte 3D diseinu, musika digital eta ukitu fotografiko arloetara aurkeztutako lanak. Euskaltelek kiroldegian ezarritako sare informatikoak, segundoko 10 gigako internet-konexioa eskaini die partaideei. «Abiadura izugarri horri esker, estatuko ekimen teknologiko azkarrenetarikoen artean kokatzen da Gipuzkoa Encounter».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!