Udalak hiru triziklo jarri ditu Mugi Tolosaren eskura

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko martxoaren 27a

Martxan da 'Eragin pedalari' proiektua, mugikortasun bide berriak zabaltzeko helburuz. Pasa den astean egin zuten lehen saioa, zirkuitu berezi batean.

Mugi Tolosa ekimenak, Eragin pedalari izeneko proiektua jarri du martxan, 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta. Partaideen mugikortasun bideak zabaldu eta bizikletaren erabilera sustatzea ditu helburu; horretarako, Tolosako Udalak hiru triziklo jarri ditu ekimenaren eskura.

Proiektuaren antolatzaileak, Tolosako Gurutze Gorria eta Inmakulada ikastetxea dira, udalaren laguntzarekin. Adierazi dutenez, «65 urtetik gorako pertsonengan trizikloaren erabilera sustatu, eta mugikortasun osasuntsua, segurua eta jasangarria» bultzatu nahi dute. Aldi berean, pedalkada bakoitza, gaixotasun berezien elkarteen aldeko bultzada izatea nahi dute.

Pasa den astean burutu zuten lehen saioa, Alondegi plazan ezarritako zirkuitu berezi batean. Bertan, trizikloak probatzeko aukera izan zuten. Zirkuitua bitan banatu zuten: Ikasketa eta Proba guneak. Lehenean, trizikloan ibiltzen ikasi zuten, Inmakulada ikastetxeko ikasleen laguntzarekin. Bigarrenean, berriz, ia 800 metroko ibilbidea egiteko aukera izan zuten.

Epe motzean, antzerako jardunaldi bat egingo da. Orain, Mugi Tolosa ekimena kalera irteten den egunetan erabili ahal izango dira trizikloak, aurrerantzean gailuak adinekoen eskura jartzea baita udalaren helburua.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!