Apirilerako eta maiatzerako ikastaro ugari prestatu dituzte KZgunean

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 27a, 15:59

Hilabetero, ikastaro desberdinak antolatzen dituzte Tolosako KZgunean, adin desberdinetako herritarrentzat. Kasu honetan, aurrez aurreko nahiz urrutiko ikastaroak izango dira, euskaraz edota gazteleraz.

Apirilaren 1ean hasiko dira, eta gehienak hilabete batez luzatuko badira ere, badira ordu kopuru gutxiagokoak. Aldi bakoitzean, herritarren interesekoak diren gaien inguruko saioak egiten dituzte bertan.

Esate baterako, internet bidezko enplegu bilaketa, sarean nabigatzea, Android sistemaren erabilera, argazkien edizioa, diseinua,Google Maps aplikazioaren erabilera, ofimatika orokorra, aplikazioak sortzea, edo Pinterest eta Facebook sare sozialen erabilera aztertuko dituzte datorren hilabeteko ikastaroetan.

Maiatzean ere, saio ugari

Apirileko astegunetan ez ezik, maiatzaren 1etik 31ra bitarte ere, planifikazio edo ikastaro eskaintza zabala prestatu dute. Komunikaziotik hasita, aisialdiarekin, segurtasunarekin edota administrazioarekin lotutako saioak izango dira. Besteak beste, Tablet-ak eta Smartphone-ak erabiltzen ikasteko saioak, testu dokumentuak sortzeko saioa, webgune propioa sortzen ikasteko saioa, Osakidetzarekin online izapideak egiten ikasteko ikastaroa edota internet bidezko erosketak modu seguruan egiten ikasteko saioak burutuko dira.

Ikastaro horietan izena emateko bi modu daude. Batetik, KZguneko erabiltzaileek, webgunean egin dezakete, euren erabiltzailearekin eta pasahitzarekin. KZguneko erabiltzaile izena gogoan ez dutenak, edo erabiltzaile ez direnak, Eduardo Mocoroa musika eskolako beheko solairuan duten gunera gerturatu daitezke. KZgunean bertan edota www.kzgunea.eus webgunean kontsulta daiteke plaza libreak dauden ala ez.

Online ikastaroak ere eskaintzen dituzte. Interesa dutenek, webgunea bisitatuz, 943 023 681 telefono zenbakira deituz edota tutor.tolosa@kzgunea.net helbide elektronikora mezu bat idatziz lortu dezakete informazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!