Bejondeizula Kabi Alai

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi Euskara Taldea 2019ko mar. 26a, 11:58

Inauteriak amaitu berri ditugun honetan, gure eguneroko jardunari heldu berri diogu. Astebeteko eromenaren eta festaren ondoren, atzera begira jartzean, pozik eta itxaropentsu gogoratzen dugu aurtengo Ostegun Gizen eguna.

Aurrerapena izan zen egun batzuk lehenago Kabi Alai elkarteak sareetan aireratu zuen bideoa. Gure hizkuntza indarberritzeko prozesuan esfortzu eskerga egiten duten euskara ikasleei egin zitzaien keinu bertan, eta udaletxeko balkoian, akaso nahiko ezkutuan pasa bazen ere, euskalduntze prozesu arrakastatsua irudikatu zen. Euskara ikastea posible da, eta merezi du!

Ondoren entzundakoak ordea, are gehiago poztu gintuen. Lehen aldiz euskaraz bakarrik entzun genuen Kabi Alaiko kideen inauterietako pregoia eta izan ziur, egin duten aurrerapausoa, pauso txiki baino garrantzitsua da euskara indarberritzeko maratoi honetan. Gure hizkuntzaren aldeko lanean, denok baitugu gure aletxoa jartzeko eta Kabi Alaikoek erein dute aurtengoa, etorkizunera begira.

Seguru aski, hasierako asmotan ez zioten oraingo dimentsioa aurreikusiko inauterietako txupinazoari Kabi Alaikoek, baina denborararen poderioz inauterietako ekitaldi erreferente bilakatu da, bai tolosarrentzat eta baita Euskal Herriarentzat. Halabeharrez, Kabi Alaikoen parodia Tolosaren irudi eta ikur da Ostegun Gizenean. Horrexegatik, txupinazoan euskara ere kontuan hartzetik, euskara hutsez egitera eman duten pausoa txalotu nahi dugu Galtzaundi euskara elkartetik.

Gure herriaren errealitate soziolinguistikoa hartu dute kontuan Kabi Alaikoek eta normalitatez islatu: Euskal Herriko ingurunerik euskaldunenetarikoa gara eta naturaltasunez, euskaraz egiten dugu. Beraz, egindako aurrerapausoarengatik zoriondu nahi dugu Kabi Alai elkartea Galtzaunditik.

Beste eragile eta elkarteentzako eredu da emandako pausoa, inauteriez aparte, baita urte guztian zeharreko ekitaldiei begira ere. Denok batera bideari ekinez, atseginagoa izango da aurrean dugun bidea.

Galtzaundi Euskara Taldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!