Herritarrek dispertsioa eta bere ondorioak ezagutu ditzaten

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 26a, 11:57
2012an, Maite Aranalde ibartarrari elkartasuna adierazi zioten Vinnonnen.

Etxerat elkarteak antolatuta 'Azken arnasa arte' film laburraz eta 'Amaren etxea' liburuaz ariko dira, gaur 19:00etan, Tolosako kultur etxean.

Aurten, hiru hamarkada betetzen ditu sakabanatze politikak. 1989tik hona, urtetik urtera, geroz eta kilometro gehiago egin behar izaten dituzte presoen senide eta lagunek, bisitan joateko. Etxerat elkarteak sakabanatzearen ondorioetara gerturatu ahal izateko aukera eskainiko du gaur, Tolosako kultur etxean. 19:00etan hasiko da saioa. Azken arnasa arte film laburra proiektatuko dute, batetik, eta Jokin Urain idazlearen Amaren etxea liburua ere izango dute hizketagai, bestetik. Egilea bera ere bertan izango da. Urtzi Errazkin, Etxerat elkarteko bozeramaileak dioenez, «dispertsioaren ondorioz jasaten duguna gizartean islatzea da asmoa».

Film laburrak bisiten nondik norakoak biltzen ditu; idazlanak, berriz, presoen senideen testigantzak jasotzen ditu, tartean, motxiladun haurrenak. Errazkinen hitzetan, «garrantzitsua da, herritarrak, alde batetik zein bestetik pairatzen dugunaz kontzientzia izatea».

Urte hasieran, aurrera egiteko eta elkarbizitzaren, konponbidearen eta bakearen oinarriak sendotzeko prest agertu zen Etxerat. «Gai korapilatsu honen atzean dagoena askotan ez da ikusten, eta hori erakutsi nahi dugu». Hilabeteak dira hitzaldiak herri desberdinetan eskaintzen hasi zirela, eta aurrerantzean, gehiago izango direla baieztatu dute. «Herri askotatik jasotzen dugu eskaera, baina Jokin Uriain (liburuaren egilea) eta Kurkuluxetan elkarteko kideak (film laburraren babesleak) bertan egotea da gure asmoa, kontakizuna egileen ahotik entzuteko aukera ematen duelako, eta guztia lotu behar izaten dugu».

Sakabanatze politikak, gainera, lau ezbehar eragin ditu, aurten, errepideetan. Bestetik, preso ugari larriki gaixo daude espetxean. Hala ere, tartean, askatasuna lortu eta etxera itzulti diren presoak daude. Esate baterako, duela bi aste, behin-behineko askatasuna lortu zuen Maite Aranalde ibartarrak. «Zorionez Maite gure artean dago orain, eta espero dugu horrelako ekintzek bi estatuen arteko tentsioa areagotuko dutela, benetako bake justu bat lortu ahal izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!