Legealdi honetan emandako hitza bete duela esan du EAJk

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 26a, 11:59

Tolosan, azken lau urte hauetan udal gobernuaren ardura izan du alderdi jeltzaleak eta gauzatutako lanaren balorazioa egin du agerraldi batean

Olatz Peon EAJren alkategaiak azken lau urte hauetan udal gobernuan gauzatutako lanaren balorazio positiboa egin du. 2015eko udal hauteskundeetara proposamen zehatzekin aurkeztu zen talde jeltzalea, «Tolosak galdua zuen indarra berreskuratzeko eta Tolosa berriz ere martxan jartzeko», esan du Peonek. Helburua bete dutela uste du alkategaiak: «Gure hauteskunde programa bete dugu, eta beraz, baita herritarrei emandako hitza ere. Hartutako konpromisoak berretsi ditugu».

Lau urteetan, udal gobernuaren ardurak izan ditu EAJk eta Peonen esanetan, bost lehentasun izan dituzte euren jardunean: «Tolosar guztiei gizarte zerbitzuak bermatzea; tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea; espazioak pertsonen beharrei egokitu eta beharrezko azpiegiturak sustatzea; gure kulturaren defentsa egin eta euskara indartzea; eta gobernu ona eta gobernantza eredu berria oinarri hartuta lan egitea».

PROIEKTU NAGUSIAK

2015etik 2019ra aurrera eramandako proiektu esanguratsuenen artean honakoak aipatu ditu Peonek: «Familia elkargunea; gizarte zerbitzuetara bideratutako aurrekontuaren handitzea; Coworking-a; merkataritza saila sortzea; Euskal Herria plazako hotela; Nafarroa etorbidearen eta Fronton kafetegiaren berritzeak; azpiegitura soziokulturalei buruzko azterketa; edota Oria ibaiari buruzkoa, Zumardi Txikiari erabilera berriak emateko; Rondilla kalea eraberritzeko proiektua; eta Tolosatzen partaidetza prozesua».

Tolosarako proiektua bere osotasunean gauzatzeko, lau urte «motz» geratzen direla aipatu du alkategai jeltzaleak. «Oraindik ere hamaika proiektu ditugu esku artean eta etorkizunean garatzeko ideia berriak ere baditugu, Tolosak aurrera egiten jarraitu behar duelako», aitortu du Peonek.

Uzturre egoitzaren pareko plaza estaltzeko proiektua, musika taldeen entsegurako lokalak, alokairua sustatzeko etxebizitza hutsei buruzko azterketa, San Esteban eremua berritzeko azterketa eta herriko erdigunean kokatuko den turismo lokal berriari buruzko proiektua dira jeltzaleek, dagoeneko, martxan dituzten egitasmoak. «Oparoak izan dira azken lau urteak, baina proiektu berri asko ere landuak ditugu, horien artean Rondilla eta Zumardi Txikiari lotutakoak. Beraz, gure helburu eta borondatea da, tolosarrekin elkarlanean, orain arte bezala, etorkizuna duen Tolosa bizi bat eraikitzen jarraitzea», nabarmendu du Peonek. Horretarako udal jarduna gobernu onean ardaztuko dutela hitz eman dute jeltzaleek, «gertutasuna, gardentasuna, partaidetza, konpromisoa, zintzotasuna eta kudeaketa ona» oinarri hartuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!