Jon Esnaolak Euskal Herriko perkusio jotzaile gazte onenaren saria lortu du

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 25a, 17:14

Tolosarrak, ‘2019ko Musikari Gazteak’ lehiaketaren barruan, perkusio jotzaile bakarlari onenaren saria lortu du; taldekako saria ere irabazi du. Ostiralean egin zuen froga Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, eta atzo jaso zuen saria. Markel Perez irurarrak, aipamen berezia jaso du, maila berean.

Urtero bezala, aurten ere, 19 urtez azpiko musikari onenak bildu ditu '2019ko Musikari Gazteak' lehiaketak. Tartean, Jon Esnaola tolosarra eta Markel Perez irurarra aritu dira, perkusio jotzaileen kategorian, A mailan, hau da, 16-19 urte bitarteko ikasleen mailan.

Euskal Herriko 100 musikari gaztek baino gehiagok hartu dute parte lehiaketan. Perkusio jotzaileak, berriz, 12 izan dira, eta tartean zeuden eskualdeko biak. Perkusioan ez ezik, teklazko, harizko eta haizezko instrumentuetan, kantuan edota konposizioan lehiatu dira ikasleak.

Gainera, bakarka egiteaz gain, taldeka ere aritu dira batzuk, eta kasu honetan, Esnaolak ere lehen saria lortu du. Hain justu, bakarkako lehen postua partekatu duen Eneko Aranguren musikariarekin batera. Bi musikariek, elkarrekin osatzen duten Taupa perkusio taldearen izenean lortu dute lehen saria. Bestetik, maila berean, Markel Perez irurarrak, aipamen berezia jaso zuen.

Errepertorio librea prestatu behar izan zuten denek, gehienez 25 minutukoa, eta gutxienez estilo desberdinetako 3 obra edo atal solte interpretatuz. Esnaolak, Delanceyren The Love Of L`Historie, Lyllofen Arhus Etude nº9, Edwardsen Marimba Dances (I-III), Jacksonen Johns Brown's Body eta Woulden Estudio nº6 obrak interpretatu zituen. Perezek, berriz, Daviden Vienna, Miyamotoren Dualités, Prattaren Drum corps on parade eta Tysonen Cricket sang and set the sun obrak jo zituen.

Lehiaketaren Epaimahaia musika interpretazio eta irakaskuntzako pertsona nabarmenek osatu dute. Parte hartzaileen lana baloratzeko, obren zuzeneko interpretazioa, artikulazioak, afinazioak, maila teknikoaren kontrola, soinuaren kalitatea, adierazpen artistikoa eta komunikatzeko gaitasuna hartu dituzte kontutan.

Esnaolak eta Perezek, ostiral arratsaldean izan zuten proba, Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorio Profesionalean. Atzo, berriz, kontserbatorioko Aula Magna auditorioan, sariak banatu zituzten, eta saridunek, kontzertua eskaini zuten. Parte hartzaile guztiek diploma bat jaso dute. Horrez gain, maila bakoitzean, lehen bi sailkatuentzat eta aipamen berezia jasotzen zuenarentzat egon da saria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!