Ana Usabiaga izan da azkarrena, San Frantziskoko helmugan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 23a, 19:52

Arratsaldean, Emakumezkoen Tolosako VI. Sari Nagusia jokatu da, eta bertan, lau kategoriatako euskal txirrindulari onenak lehiatu dira. Ordiziarrak elite mailan lortu du garaipena. Eukene Larrarte tolosarrak, bi sari lortu ditu gaurko lasterketan.

Tolosa CF eta Gipuzkoa Ogi Berri txirrindulari taldeak antolatutako lasterketan, Euskal Herriko txirrindulari onenak ikusteko aukera izan da. Ibilbideak, San Frantzisko pasealekuan izan du hasiera eta helmuga, eta hiru kategoriatan lehiatu dira: kadete mailakoak, junior mailako, 23 urtez azpikoak eta elite mailakoak.

Guztira, gutxi gorabehera, 200 txirrindularik hartu dute parte. Gazteenen mailan, 70 inguru izan dira; juniorrak, berriz, 50; eta nagusien mailan, 80. Gainera, bihar, Espainiako Kopako lasterketa bat izango da jokoan Eibarren, eta hori dela eta, estatuko hainbat txirrindularik ere hartu dute parte.

Lasterketa 15:00etan hasi da, eta kadeteek 40 kilometro, juniorrek 70 kilometro eta elite mailakoek eta 23 urtez azpikoek 116 kilometro egin dituzte. Tolosatik Lizartzaraino eta Iruraraino joan dira txirrindulariak, zirkuituari hainbat itzuli emanez.

Elite mailakoak eta 23 urte azpikoak irten dira aurrena. Atzetik joan dira junior eta kadete mailatakoak. Nagusiek, gainera, moldaketa bat izan dute azken itzulian, Mendiko sariaren lekuko zen San Blas gaina igo baitute, helmugara iritsi aurretik.

Sari ugari, maila guztietan

Sariei dagokienez, proba bakoitzeko hiru lehenengoek izan dute saria. Kadeteetan, Ainara Albert gailendu da, Saioa Organbide izan da bigarren, eta Sandra Gutierrez, hirugarren. Junior mailan, Garazi Estevez izan da azkarrena, Irati Puig de Fabregas bigarren, eta Naia Eraña sailkatu da hirugarren. Elite mailan, berriz, Ana Usabiaga gailendu da, Maria Martins portugaldarra izan da bigarren, eta Nerea Nuño hirugarren.

Sari gehiago ere banatu dituzte. Taldekako sailkapenei dagokienez, kadeteetan, Nafarroa Ermitagaina taldeak lortu du garaipena. Nagusien mailan, berriz, Riomiera talde kantabriarra gailendu da. Tarteko helmugetan ere izan dira garaileak. Kadete mailan, Saioa Organbide izan da azkarrena; junior mailan, Garazi Estevez; eta nagusien mailan, Aida Nuño. Hirurek, Ogi Berrik emandako trentza eta ogia eskuratu dituzte. Mendiko saria, berriz, Eukene Larrartek lortu du, Arozena harategiak emandako saski ederra.

Gipuzkoako eta Euskal Herriko sailkapenak

Sari horiez gain, Gipuzkoako Txapelketa egon da jokoan, lau mailetan. Gainera, Tolosako lasterketa Euskalduna Torneoaren barruan sartuta egon da, hau da, puntuak bildu dituzte txirrindulariek, sailkapen horretarako.

Euskalduna Txapelketari dagokionez, Ainara Albertek lortu du kadeteen mailako lidertza eta maillota. Junior mailan, berriz, Ines Cantera bizkaitarrak eskuratu du, eta azkenik, 23 urtez azpikoetan, Nicole D'Agostinik.

Gipuzkoako Txapelketari dagozkion maillotak, berriz, kadete mailan, junior mailan, 23 urtez azpikoen mailan eta elite mailan, Kattalin Iriondok, Garazi Estevezek, Eukene Larrartek eta Ana Usabiagak eskuratu dituzte. Hauek, beraz, Gipuzkoako txapeldun bilakatu dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!