Irudimenari bizia eman diote haurrek

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko martxoaren 23a

Gaur ospakizun eguna dute Topic zentroan. Izan ere, Txotxongiloen Nazioarteko Eguna da, eta Tolosako erdigunean dagoen eraikinean, ekitaldi ugari prestatu dituzte arratsaldean. Horien artean, haurrek txotxongiloak egiteko aukera izan dute.

Topic-eko Pedagogia Zuzendaria den Karmele Cruzen eskutik, txotxongiloak egiteko tailerra izan da, arratsaldean. Haurrek eta euren gurasoek hartu dute parte tailerrean, era guztietako txotxongiloak egiten: poltsa batean, hatz bateko txotxongiloak...

Nahi beste margo, paper eta elementu izan dituzte eskura. Hala ere, mezu garrantzitsu bat bota die Cruzek, bertaratutakoek, buru-belarri lanean jarraitzen zuten bitartean: "Gogoan izan, txotxongilo bat izan dadin, ezinbestekoa dela esku artean duzuen pertsonaia horri bizia ematea, hau da, berarekin jolas egitea". Cruzek, gainera, aurreko tailer batzuetan egindako txotxongiloak ere erakutsi dizkie.

Baina, ez hori bakarrik. Topic-eko kideek, Tolosako Ekinbide Etxeko ordezkariekin batera, egitarau zabala osatu dute gaur arratsalderako. 18:30ean, Txotxongiloen Nazioarteko Egunaren mezua irakurri dute eta, segidan, Valentziako La Negra konpainiaren En las nubes ikuskizunaz gozatzeko aukera izan da.

Amaitzeko, 19:15ean Topic-eko aldizkako erakusketa berria inauguratu dute, Herbeheretako Speeltheater Holland konpainiaren Eszenak & Istorioak izenekoa. Txotxongilo lan baten ikuspuntu orokor bat erakusten du, aretoan proposaturiko eszena eta egoerekin, nahiz txotxongiloekin. Luntxa ere izan da, bertaratu direnentzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!