Oria ibaia garbitu dute goizean

Ataria 2019ko martxoaren 23a

Zerkausiko ontziralekutik hasi eta Berazubi auzoko inguruetan, hondakinak biltzen aritu dira boluntario eta elkarteetako kideak.

Berrogei lagun inguru elkartu dira, goizean, Zerkausiko ontziralekuan, Oria ibaian zaborrak biltzeko asmotan. Aste guztian zehar eskola eta ikastoletako ikasleak aritu dira garbiketa egiten, eta, gaur, boluntario eta hainbat elkartek egin dute bilketa. Iñigo Muñozek, ingurumen teknikariak, eman dizkiete azalpenak bertaratu diren guztiei.

Beharrezko ikusten du ekimen hau: "Oraindik Eroskiko karroak eta errepideetako seinaleak ateratzen jarraitzen dugu". Jendearen kontzientzia pizteko ahalegina egiten da horrelakoetan. "Erreketan dauden plastiko eta hondakin guztiek itsasoan bukatzen dutela ohartu behar dugu, eta arazo hori konpontzen bakoitzak bere eremutik hasi behar du", dio Muñozek".

11:00etan abiatu dira TAKeko ontziralekutik, bi ontzitan, Berazubi auzoko inguruetara. Han, ontzietatik jaitsi, eta garbiketa egiteari ekin diote. Hori, TAKen laguntzarekin egin dute. Bestalde, Zumardiaren eskutik, piraguan aritu dira beste hamar bat lagun, pareta inguruetan dauden zaborrak kentzen.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!