Ekozinemaldia hamahirugarrenez antolatu dute Tradener, Ekologistak Martxan eta Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkarteek. Hainbat herri eta hiritan filmak ikusteko aukera izango da, eta horietako bat Tolosa izango da. Hiru egunez, martxoaren 26tik 28ra, ikusi ahal izango dira, Leidor aretoan, Tolosarako aukeratu diren ikus-entzunezkoak.
Martin Mantxo tolosarra Ekologistak Martxan elkarteko kidea eta Ekozinemaldiko koordinatzailea da. Orain hamahiru urte zinema jaialdi horren sorrera nola izan zen azaldu du: «Ekologistak Martxanen zor ekologikoaren gaian sartuta geunden. Gure ekonomiak edota ereduak beste herrietan duen eragina da zor ekologikoa. Beste herrialde batzuetako elkarteekin harremanetan jarri ginen, eta ikusi genuen, zinemaren bidez, oso aukera ona genuela gaia azaldu eta erakusteko». Irudiek hainbat lekutako gatazkak erakusteko aukera ematen duela gaineratu du Mantxok: «Nik esaten badizut, orain, leku batean, isurketa bat izan dela, horrekin bakarrik geratzen zara, baina, irudiak ikusten badituzu, bertako jendearen ahaleginak eta jasotzen dituzten kalteak erakutsiz, beste modu batera bizitzen duzu gertatzen ari dena».
Zinema jaialdia hasi zenetik ez da, tamalez, film faltarik izan. «Urtero kalteak areagotzen eta handitzen doazenez, gatazkak gehitzen doaz, eta baita kalte horiei aurre egiten diotenak ere. Eta ekintzaile horiek bideoa erabiltzen dute, hori dena islatzeko eta erakusteko», esan du Mantxok. Sendotasun bat ere badu Ekozinemaldiak, hamahirugarren urtez antolatu dutenez, eta garapena ere nabaritu da, batez ere Tolosan. Hasieran kultur etxean egin zituzten emanaldiak, baita Amarozko auzo etxean ere, eta gero Leidorren hasi ziren filmak erakusten. «Egitarauan dauden filmak kalitate handikoak dira, eta Leidorren ikustea gozamena da», esan du Mantxok. «Beste leku batzuetan ere sendotzen ari da eta, esan behar dugu, antolakuntza guztia modu boluntarioan egiten dugula».
Tolosaz gain, beste hainbat herritan eta hiritan ere antolatu dute Ekozinemaldia, eta guztietan egitaraua ez da berdina. Film ugari erakutsiko dituzte, baina gehienak ez dira iraupen luzekoak. «Bereziki Tolosan, aukera handia dugu, eta gehienak 20 edota 30 minutukoak dira. Egitaraua anitza izango da», zehaztu du Mantxok.
Ekozinemaldiaren helburua kontzientzia sortzea da, gertatzen diren eragin ekologikoen inguruan, eta baita beste herrialdeetan horiei aurre egiten ari direnei elkartasuna adieraztea ere. «Horrez gain, beste herrialde batzuetako egoerak eta gatazkak hemengoekin partekatzea, eta elkarrekin ikustea, hainbeste lekutan gertatzen dena hemen ere gertatzen dela», dio Mantxok.
Gonbidatu berezia
Ekozinemaldiaren bigarren egunean, martxoaren 27an, No tenemos miedo dokumentala ikusi ahal izango da. El Salvadorreko Vidalina Morales ekintzailea Leidorren bertan izango da. «Guretzat ohore bat da bera hemen egotea», esan du Mantxok. «Gaur egun Lurra planetan gertatzen den ustiapen erasoari aurre egiteko, oso adibide ona da El Salvadorrekoa. Herri mugimenduaren bidez lortu zuten, meatzaritzaren kontrako lege bat onartzea eta, beraz, gaur egun El Salvadorren ezin dira proiektu erraldoiak garatu». Mantxok gogora ekarri du, Latinoamerikan meatzaritza proiektu handiak biderkatzen ari direla.
El Salvadorreko kasuan, Mantxok nabarmendu du herri mugimendua bultzatu zutenak, batez ere, emakumeak izan zirela, horien artean, Vidalina Morales bera. «Martxoaren 8a orain gutxi izan dela kontuan hartuta, oso polita izango da bera hemen izatea, eta beraien lana azaltzea», gaineratu du Mantxok.
Tolosan ikusi ahal izango diren zenbait ikus-entzunezko euskaraz eginak direla nabarmendu du Mantxok, eta beste batzuei azpitituluak euskaraz jarri dizkiete. «Horrekin azaldu nahi dugu, euskaraz ere erakuts daitezkeela filmak», esan du Mantxok: «Euskaraz ere egiten dira lanak, kalitatezkoak, eta pentsatzen dugu ezagutarazi behar direla». Lehen bi egunetako emanaldiak, martxoaren 26koa eta 27koa, doan izango dira. Martxoaren 28koa Tolosako zine klubaren egitarauan txertatu dute, eta saio horiek zine klubaren ohiko prezioa izango dute. Mantxok herritarrak animatu ditu Ekozinemaldira: «Aukera oso ona da beste lekuetako egoerak ikusteko, larriak direla jabetzeko, eta horiek nola alda daitezkeen ikusteko».
EGITARAUA
MARTXOAK 26, 19:30
Gente de mar y viento
Illegal activists
Argi ta garbi
Bolintxu, el ultimo valle
Mikroplastikoak
MARTXOAK 27, 19:30
No tenemos miedo
Water warriors
Tabasara
MARTXOAK 26, 19:15 ETA 21:45
Cómo cambiar el mundo
Ekozinemaldiko filmak, Martxin Mantxok azalduta
'Illegal activists'
Norvegia. «Meatzaritzaren ingurukoa da, Norvegian gertatzen da. Ekintza zuzen baketsua edo ez bortitza erabili zuten eta, erakusten du, leku guztietan gertatzen dena: hau da, horrelakoei aurre egiteko daukagun aukera mobilizatzea dela. Hemen, Euskal Herrian, egon dira meatzaritza proiektu erraldoiak garatzeko asmoak, Iparraldean adibidez, eta gelditu egin ziren. Gogora ekartzen digu, hemen ere arazo bera suerta daitekeela. Azpitituluak euskaraz ditu».
'Argi ta garbi'
Euskal Herria. «Guk ekoiztutako filma da, pobrezia energetikoaren testuinguruan sortutakoa. Brasilen-eta hemengo konpainiek zer egiten duten erakusten du. Euskaraz izango da».
Euskal Herria. «Film honek erakusten du, hemen ere gauza berak gertatzen ari direla. Bilbon bigarren Supersurra eraiki nahi dute, eta Bolintxuri eragingo lioke, Bilbon geratzen den azken naturguneari».
'Mikroplastikoak'
Euskal herria. «Marrazki bizidunak dira. Pernan Goñik egindakoa da, eta gaur egun plastikoa edozein lekutan dagoela erakusten du, plastikoa ez delako desegiten eta, azkenean, erabiltzen dugun guztia plastikoz josia dagoelako. Gori dagoen gaia da. Euskaraz izango da».
'Gente de mar y viento'
Mexiko. «Oaxacan Europako eta estatuko energia transnazionalak sartu ziren; batez ere Iberdrola. Bost haize errota parke ditu han, bertakoei lurrak kenduz eta jendea kanporatuz. Bertakoak horri aurre egiten ari dira, eta hori erakusten du filmak. Hain justu, filma egin dutenak oso pozik daude, hemen ikusi ahal izango delako».
'No tenemos miedo'
El Salvador. «Meatzaritza metalikoaren aurka El Salvadorren egindako borroka erakusten du. Filmean parte hartu duen Vidalina Morales ekintzailea izango da Leidor aretoan».
'Water warriors! (Uraren gudariak)'
Ternua. «Ternuan gertatuko gatazka bat da, frackingaren inguruan. Bitxia da, Ternuan euskaldunak egon zirelako, eta filmekoak Micmac herrikoak dira, euskaldunekin batera pidgin hizkuntza garatu zutenak. Lurralde horretan frackinga egin nahi zutenei aurre egin zieten, eta irabazi egin zuten. Ikusiko dugu jendeak, antolatuta, gauzak lor ditzakeela».
'Tabasara'
Panama. «Munduan zehar gatazka asko daude, eta askotan gertatzen zaigu, ez daukagula aukerarik denen berri izateko. Hau Panaman gertatutako gatazka bat da, nahiko gertu daukaguna. Tolosako zenbait enpresa sartuta izan dira, bertan dagoen urtegia garatzen edota hori egiteko makinak bidaltzen. Gatazkaren ondorioak oso larriak izan dira, bertako indigenak oso kaltetuak izan direlako; hildakoak izan dira, proiektu horren kontra agertu direnen artean. Zor ekologikoaz hitz egiterakoan, iruditzen zitzaigun horrelako kasuak sartu behar genituela, guk ere horrelako lekuetan erantzukizuna dugulako».
'Cómo cambiar el mundo'
Kanada. «Film luzea da, eta Greenpeacen hasierako istorioa kontatzen du. Itsasontzi handien aurrean jartzen ziren txalupekin, horiek geldiarazteko. Beste behin, film honen bitartez ere, erakusten da herritarrok mundua aldatzeko egin dezakeguna. Askotan dezente egin dezakegu, eta inspirazio iturri izan daiteke: zer egiten zuten ikusteko, eta gaur egun Greenpeace zer-nolako erakundea bilakatu den kontuan hartzeko, erreferentzia bihurtzeraino».