Oria ibaia garbitzeko herritarrei deia zabaldu diete

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 22a, 11:40

Aste osoan zehar Tolosako ikastetxeekin egin bezala, bihar, Oria ibaia garbitzen jarraituko dute. 11:00etan geratu dira Zerkausian; herritarrei luzatu diete parte hartzeko deialdia, eta eragile desberdinak ere arituko dira.

Gaur, Uraren Nazioarteko Eguna dela eta, Tolosako Udalak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin elkarlanean, Oria ibaiaren garbiketa antolatzen dihardu. Astean zehar ikastetxeekin elkarlanean ari da burutzen garbiketa, eta biharko, deialdi irekia egin da nahi duen herritar orok parte hartu dezan.

Ekintza hauen helburua, herritarrak kontzientziatu eta sentsibilizatzeaz gainera, herritarrak eguneroko bizitzan inplikatzea da. "Guztion ardura da maite dugun Oria ibaia osasuntsu eta garbi mantentzea. Balio bikoitza du jarduerak, ibaiarekiko heziketan ere aurrerapauso bat ematen baita. Kontzientziazioan dago gakoa”, adierazi dute udaletik.

Ikastetxeek, zeresan handia sentsibilizazio ekimen hau bultzatzean: “urtero errepikatzeko beharra nabarmentzen dute, gazteengan duen eragin positiboa azpimarratuz”, dio Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak.

Oria ibaiak tolosar guztientzako duen garrantzia kontutan izanda, udalak herritar orori luzatu nahi dio garbiketan parte hartzeko gonbita. Horrela, bi garbiketa talde desberdin izan dira aste osoan zehar. Lehenak, ikastetxeetako ikasleak izan dira. Astelehenean, atzo eta gaur aritu dira, Laskorain ikastolako DBH 2 mailako, Herrikide ikastetxeko DBH 3-ko eta Orixe institutuko DBH 2 mailako ikasleak. Hauek, Zerkausitik Usabalera arteko eremu desberdinetan egin dute garbiketa, baita Santa Maria elizaren atzean ere.

Bihar, herritarrak eta eragileak

Bihar, larunbata, herritar taldeek eta boluntarioek hartuko dute parte garbiketan. Goizeko 11:00etan Zerkausiko ontziralekuan elkartuko dira, eta garbiketa, Zerkausiko ontziralekutik Berazubi auzoko inguruetaraino egingo dute. Horretarako, deialdi irekia luzatu dute eta nahi duen orok har dezake parte.

Ibaiarekin lotura zuzena duten herriko taldeek parte hartuko dute biharko garbiketan. Besteak beste, TAK Tolosak, Zumardia Elkarteak eta Arrantzale taldeak inplikatu dira, Tolosako Babes Zibila ere deialdira gehitu delarik. Hauez gain, iazko garbiketan parte hartu zuten Forest elkartekideak gogoz erantzun diote garbiketan parte hartzeko luzatu zaien gonbidapenari.

Garbiketarako materiala banatuko da eta ibaian zehar ateratako hondakinak biltzeko ontziak egongo dira puntu desberdinetan. Teknikarien laguntza izango dute uneoro parte-hartzaileek.

2018an, 740 kilo hondakin

Guztira, 7 metro kubiko hartzen zuten 740 kilo hondakin atera ziren 2018ko garbiketan. Amantegik adierazitakoaren arabera “gehienak plastikoak izan ziren; bazeuden ere ohialak, aterkiak edota trafiko seinaleak. Ez zen erosketako karrorik edo antzerakorik atera".

Uste baino hondakin gehiago eta bolumen handiagokoak atera zituzten, baina 2005etik ez zen tamaina horretako garbiketarik egin. "Garbiketa bi urtez jarraian egitearekin, nabari zen 2017an egindako lana. Balantzea oso positiboa izan zen”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!