Euskal Herriko txirrindulari onenak ikusteko aukera izango da, Emakumezkoen Tolosako VI. Sari Nagusian, larunbatean. Lasterketak San Frantzisko pasealekuan izango du hasiera eta helmuga, eta hiru kategoriatan lehiatuko dira: kadete maila, junior maila eta 23 urte azpiko eta elite mailak. Tolosa CF eta Gipuzkoa Ogi Berri txirrindulari taldea dira antolatzaileak.
Lasterketa 15:00etan hasiko da, eta kadeteek 40 kilometro, juniorrek 70 kilometro eta elite eta 23 urte azpikoek 116 kilometro egingo dituzte. Bi ibilbide mota daude: txikia, Tolosatik Lizartzara joan eta Tolosara itzuliz eta, handia, Tolosatik Lizartzara joan, gero Iruraraino eta berriro Tolosara itzuliz.
Elite mailakoak eta 23 urte azpikoak aterako dira lehendabizi. Ibilbide txikiari itzuli bat egitean abiatuko dira junior mailakoak. Ondoren ibilbide handia egingo dute eta, orduan, kadeteak aterako dira, eta beste itzuli bat egingo diote ibilbide handiari. Gero, ibilbide txikiari hiru itzuli emango dizkiote. Lehenengoa amaitzean kadeteen helmuga izango da, bigarren itzulia amaitzean juniorren helmuga, eta hirugarrena bukatzean nagusien helmuga. Azken horiek moldaketa bat izango dute azken itzulian, San Blas gaina igoko baitute, helmugara iritsi aurretik. Mendiko saria, hain justu, San Blas gainean egongo da.
Sariei dagokienez, proba bakoitzeko hiru lehenengoek izango dute saria. Horrez gain, Gipuzkoako Txapelketa dago jokoan, eta txapela lau mailetan emango dute: kadeteak, juniorrak, 23 urte azpikoak eta eliteak. Tolosako lasterketa Euskalduna Torneoaren barruan sartuta dago, hau da, puntuak bilduko dituzte txirrindulariek, sailkapen horretarako. Kadete mailarako 70 txirrindulari inguru daude izena emanda, juniorrerako 50, eta nagusien mailetarako 80 inguru. Kontuan izan behar da era berean, igandean Eibarren Espainiako Kopako lasterketa bat izango dela jokoan, eta baliteke estatuko hainbat txirrindularik ere parte hartzea Tolosakoan. Beraz, maila guztiak kontuan hartuta, 200 txirrindulari inguru izango direla aurreikusi dute antolatzaileek.
Ainhoa Artolazabal da Gipuzkoa Ogi Berri taldeko arduradunetako bat, eta bere txirrindulariek aukerak dituztela dio: «Ibilbidea ikusita, eta esprintean bukatzen badira hiru probak, maila bakoitzean baditugu irabazteko aukerak. Kadeteetan Nahia Mangas hernaniarra dugu, junior mailan Garazi Estebez aretxabaletarra eta 23, urte azpikoan, Eukene Larrarte tolosarra dugu. Azken hau pistan ere aritzen da, eta abiadura puntu hori badu». Elite mailan ez du txirrindularirik Gipuzkoa Ogi Berrik. Artolazabalek gaineratu duenez, «ez gara aterako lasterketa esprintera bideratzeko. Ikusita nolakoa den ibilbidea, ihesaldiak sortzen saiatuko gara».
Gipuzkoan lasterketen kopurua handitzea da saria antolatzearen helburuetako bat. Artolazabalek dioenez, «neska txirrindulariak ikusarazi» egin behar dituzte: «Txirrindularitzan dauden nesken kopurua handitu nahi badugu, herrira hurbildu egin behar dugu, eta sari hau antolatzearen arrazoi nagusia hori da. Nagusien mailakoak sei aldiz igarotzen dira Tolosatik, eta guretzako hori ezinbestekoa da. Tolosa eta inguruko neskak animatu nahi baditugu txirrindularitza ezagutzera, ikusarazi egin behar da, eta moduetako bat da horrelako ibilbide bat jartzea».
Eskualdean aurtengo denboraldian antolatuko den proba bakarra da larunbatekoa, Zizurkil eta Villabona artean antolatzen duten sari nagusia ez baitute aurten egingo. «Beti gabiltza borrokan, iruditzen zaigulako ezinbestekoa dela Gipuzkoan lasterketak sortzea», esan du Artolazabalek. «Bestela bidaiatzea tokatzen zaigu, eta horrek taldearentzat gastu bat gehiago dakar».
Aurreko asteburuan Gipuzkoa Ogi Berri taldekoak Bergarako Gorlako Igoeran lehiatu ziren. 23 urte azpikoetan Ainitze Barrainkuak 10. egin zuen eta Eukene Larrartek 15. postua lortu zuen; taldeka bosgarren egin zuten. Junior mailan, Garazi Estebezek bosgarren postua egin zuen. «Beraientzako ez den ibilbide batean ondo bukatu zuten proba», esan du Artolazabalek.
USABAL, TRAFIKOARI ITXITA
Emakumezkoen Tolosako VI. Saria dela eta, Usabal industriagunea trafikoari itxita egongo da, larunbatean, 16:00etik 18:00etara. Horregatik, Hiribusaren kiroldegiko geralekua aparkalekuko biribilgunera lekualdatuko dute, eta Usabalgo tanatoriokoa zerbitzuz kanpo geratuko da.