Larunbatean, Txotxongiloen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Topic-en

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko martxoaren 21a

Tolosako Ekinbide Etxeko kideek, txotxongiloen zentroko ordezkariekin elkarlanean, egitarau zabala prestatu dute.

Larunbat honetan, Txotxongiloen Nazioarteko Eguna izango da, eta, Topic zentroak, unea aprobetxatu nahi izan du, herritarrak gonbidatzeko, ospakizun berezi baten parte izan daitezen. Udazkenean 10 urte beteko dira, Topic zentroak lehen aldiz ateak ireki zituenetik, eta urte horietan guztietan, tailerrak, ikuskizunak, erakusketak eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte bertan, betiere, irudimenaren, originaltasunaren eta berrikuntzaren aldeko apustua eginez.

Txotxongiloen Nazioarteko Zentroa izanik, ezin zuten hutsik egin larunbateko zitara. Horregatik, bertako ordezkariek, Tolosako Ekinbide Etxeko kideen laguntzaz, jarduerak antolatu dituzte. 17:00etan, txotxongiloen eraikuntzarako tailer bat izango da. 18:30ean, berriz, Txotxongiloen Nazioarteko Egunaren mezua irakurriko dute eta, segidan, Valentziako La Negra konpainiaren En las nubes ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Tailerrean parte hartu eta emanaldia ikusi nahi dutenek, 8 euro ordaindu beharko dituzte.

Amaitzeko, 19:15ean Topic-eko aldizkako erakusketa berria inauguratuko dute, Herbeheretako Speeltheater Holland konpainiaren Eszenak & Istorioak izenekoa. Txotxongilo lan baten ikuspuntu orokor bat erakutsiko dute, aretoan proposaturiko eszena eta egoerekin, nahiz txotxongiloekin. Konpainiako kideek, irudimenaz baliatuz, bisitariek parte hartzea nahi dute, , guztia posible den esparru batean. Luntxa ere izango da, bertaratzen direnentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!