Eraberrituta itzuli da Usabal kiroldegia, ikastaroekin jarraitzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko martxoaren 21a

Instalazioen garbiketa, berritzea eta mantenua egin dute inauterietan; bazkideen eskariak ere kontuan izan dituzte.

Urteroko moduan, inauterietan itxita egon zen Usabal kiroldegia. Epe horretan, bertako instalazioei errepasoa eman diete eta, garbiketa lanez gain, hainbat mantentze lan egin dituzte, berrikuntzak ekarriz.

Besteak beste, igerileku guztiak hustu, garbitu eta bete, bertako zorua garbitu, sauna lehorretako egurrak tratatu, eremua desinfektatu, fitness gelako zenbait makinatako piezak tapizatu, muskulazio gelako aparatuak margotu, padel guneko paretak konpondu eta margotu, bertako hondarra garbitu eta berrezarri, kantxetako porteriak garbitu, kanasten sistemak errebisatu eta garbitu, eta futbol zelaiko kautxoa orraztu dute. Bestetik, kirol klubek entrenatzeko erabiltzen duten gelan makina berriak ezarri dituzte. Gainera, aldageletako armairuen errebisio eta desinfekzio sakona ere egin dute, baita kristalen eta erlaitzen garbiketa ere.

Kiroldegiko arduradunek, «instalazioa behar bezala mantentzeko», lan hauek «ezinbestekoak» direla diote. «Geldiune tekniko hau garrantzitsua da, urte osoan jendearen presentziagatik egin ezin diren lanak egiteko». Era berean, mantenimendu eta garbiketa taldeak egindako lana eskertu dute. Bestalde, bazkideen iradokizunei jaramon eginez, fitness espazioaren pareko komunen ateak aldatu dituzte, leragarriak jarriz.

Ikastaroek ere aurrera jarraitzen dute, eta martxoaren 14an zabaldu zuten ikastaroetan parte hartzeko izen emate berria. Bazkideek, kiroldegian bertan, 943 53 64 00 telefono zenbakira deituz, edota Facebook orrialdearen bitartez eman dezakete izena. Bazkideak ez direnek, berriz, kiroldegian egin beharko dituzte izen ematea eta ordainketa. Zalantzak argitzeko, telefonoz deitu, usabalkiroldegia.com webgunea bisitatu edota Facebook bidez mezu bat idatz daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!