Merezitako aitortza, herria zaintzeagatik

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 20a, 17:53

Tolosako Udalak, ‘Eskola Agenda 21’ ekimena herrian egiten ari den lana eskertu nahi izan du, goizean. Peñascal fundazioa ere proiektura batu berri da, udalarekin hitzarmena sinatu ondoren.

Egunerokotasunean presente ditugun ingurumen arazoei konponbide bat bilatu ahal izateko sortu zen tresna izan zen ‘Agenda 21’ proiektua. Duela 16 urte, etorkizunean gizartearen erantzule izango ziren ikasleengan jarri nahi izan zuten fokua, ‘Eskola Agenda 21’ ekimenarekin. Horrela, gaur egun, Euskal Herrian 440 ikastetxek eta 256.000 ikaslek hartzen dute parte.

Gaur goizean, azken urteetako lana eskertu, eta proiektuari bultzada bat emanez, indarberritzeko, ekitaldia egin dute udaletxean. Juan Unzueta Tolosako Ingurumen Zentroko arduradunak, eragile guztien lana eskertu nahi izan du, batez ere, Eusko Jaurlaritzarena nabarmenduz. Gainera, azken urteetan, ikasleek gai desberdinen inguruan egindako ekarpenak, proposamenak, eta aurkitutako gabeziei emandako erantzunak oso emankorrak izan direla aitortu du.

Gaurtik aurrera, Tolosako hezkuntz-komunitate osoak hartzen du parte proiektuan, lehendik zeuden ikastetxeei Peñascal fundazioa batu baitzaie, hitzarmena sinatu ondoren. Olatz Peon alkateak, «herri konprometitu bat egiteko aukera ematen duelako, proiektuak merezi duen errekonozimendua jaso behar duela» azpimarratu du. Herrian ez ezik, proiektua bera eskualdean ere eragina izaten ari dela nabarmendu dute ekitaldian.

Jose Ramon Insausti Ingurugelako ordezkariak, ikastetxeek egindako lana zoriondu, eta udalaren esku hartzea eskertu nahi izan du; lehenari, "ikasle gehiagoren konpromezuaren parte izateagatik", eta bigarrenari, "proiektua sustatzeagatik". Aurten, gainera, Tolosako Udalak emandako diru-laguntza handiagoa izan da. "Ez da lan makala, eginkizun asko izaten direlako, eta hori 15 urtez mantentzea garrantzi handikoa da". Horrez guztiaz gain, Peñascal fundazioari ongi etorria eman dio, "aurrerantzean, proiektua handitzen jarraitzea bermatuko duelako".

Ondoren, urte guzti hauetan egindako ekitaldi, proiektu eta jardueretan ateratako argazkiekin egindako bideoa ikusi ahal izan dute. Ekitaldiarekin amaitzeko, hezkuntz-komunitateko ordezkariek, oroigarri bana jaso du, taldeko argazkia atera aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!