«Bizitza aldatu eta salbatu didan ideologia eta praktika izan da feminismoa»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mar. 20a, 19:58

Tolosako Jabetze Eskolan Miren Aranguren bilgune feministako eta Emagin elkarteko kideak lau saioko ikastaroa eskainiko du; kultur etxean eman behar da izena.

Tolosako Jabetze Eskolak urteak daramatza emakumeen jabetzea eta parte hartzea sendotzeko urratsak ematen. Miren Aranguren iruindarra Bilgune Feministako eta Emagin elkarteko kidea da. Nondik Gatoz? Eta, nora goaz? Feminismoa. Mugimendu Feministaren ibilbideak ikastaroa eskainiko du, Tolosako kultur etxean. Izena 943 67 03 83 telefono zenbakira deituta edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzita eman daiteke. Martxoak 21, apirilak 11, maiatzak 23 eta ekainak 13an izango dira saioak, 17:00etatik 20:00etara.

Jabetze eskolan, aurten ere, ikastaroa eskainiko duzu.

Mugimendu feministak Euskal Herrian egindako ibilbidearen inguruan jardungo dugu. Sorrera kokatuko dugu, gaur egun non gauden ulertu ahal izateko, eta zergatik iritsi garen, iritsi garen tokira.

Zer-nolako esperientziak izaten dira honelako ikastaroak?

Denetarik izan dugu, baina nik esango nuke, esperientziak beti izan direla oso-oso aberasgarriak. Normalean elkarrizketa sortzen da tokiko feministen artean, eta nolabait guk fokua Euskal Herriko mugimendu feministan jartzen badugu ere, tokiko isla izaten du. Hori izaten da niretzat irakaspen handiena, eta interesgarriena. Mugimendu feministan protagonista diren horiek ahotsa hartzen dute, beren esperientziak kontatuz. Belaunaldi ezberdinetako emakumeak etortzen dira, eta oso elkarrizketa politak sortzen dira.

'Nondik gatoz? Eta nora goaz?' lau saiotan ibilbideari errepasoa egingo diozu.

Hasierako saioetan, historiari erreparatuko diogu, eta memoria kolektiboaren berreskuratze horrek duen izaera politikoari. Zergatik sortu zen mugimendu feminista, zein zen testuinguru politikoa, zein erresistentzia zeuden 70eko hamarkadan... Gaur egungoen oso-oso ezberdinak ez direla ikusiko da. Zein bide arakatu zituzten, zeri egin behar izan zioten aurre autogestioaren bidez, nola artikulatzen zituzten zapalkuntza ezberdinak...

Historiaz gain, zer izango da?

Azken bietan, Tolosako protagonistekin jarduteko aukera izango da. Bertako mugimendu feministan egondako emakumeekin solasaldiak izango dira. Gaur egun gertatzen ari den guztiarekin konektatu nahi dut. Oraintxe pasa dugu martxoaren 8a, eta izugarrizko arrakasta izan duen greba feminista bizi izan dugu. Hori ulertzeko gakoak zeintzuk izan daitezkeen aztertu nahiko nuke bertaratzen direnekin.

Noiz hasi zinen zu mugimendu feministan?

Uste dut 2003an hasi nintzela militatzen Bilgune Feministan. Garai hartan pentsa ezina zen horrelako zerbait gertatzea. Norbaitek esan izan baligu «2019an greba arrakastatsu bat egingo duzue», barre egingo genukeen. Uste izan dugulako edo beti izan garelako mugimendu minoritario bat.

Aldaketa handia eman da.

Uste dut garrantzitsua dela salto horretan egon diren gakoak partekatzea eta elkarbanatzea. Zer ulermen dagoen, zer da mugimendu feminista Euskal Herrian? Zer ordezkatzen du gaur egun? Zer antzekotasun ditu 70eko hamarkadan sortu zenarekin? Zer ikasi dugu? Gure begirada nola zabaldu dugun, eta nola etengabe garbitu ditugun betaurreko moreak, errealitate berri horietara egokitzen joateko. Hori guztia landuko dugu.

Feminismoaren ibilbidean, zeintzuk izango dira gakoak?

Sorrerak sekulako garrantzia izan zuen. Bai Ipar Euskal Herrian zegoen testuinguru politikoa zein hegoaldean zegoena aztertzea garrantzitsua dela iruditzen zait. Batik bat, ikusteko, zergatik dagoen beharra mugimendu feminista sortzeko. Alderdiak eta sindikatuak nagusitzen ziren garaian, zergatik den beharrezkoa identitate eta zapalkuntza horri erreparatzea eta modu autonomoan antolatzea. Bestetik, jardunaldi feministak ere inflexio puntu garrantzitsuak izan dira, eta gure errelatoa horien arabera antolatu dugu.

Zer da feminismoa zuretzat?

Gauza asko da. Bizitza aldatu didan ideologia eta praktika bat izan da. Bizitza salbatu didan zerbait da. Gaur naizen hori egin duena da feminismoa. Ez da ideologia abstraktu bat, ez da liburuetan dagoen teoria bat. Hori ere bada, baina, baita filosofia, teoria eta praktika. Erabateko lotura du praktika politikoarekin, baina gorputzen arteko mugimenduarekin ulertua esan nahi dut. Hau da, egunero-egunero egiten dugun pauso horietan gure kontraesanak azaleratzen dituen zerbait da, eta gu hazten laguntzen gaituena. Teoria eta praktika guztiz uztartzen dituen borroka da. Indibidualki bizi duzun zerbait da, baina une oro kolektiboa ukitzen du. Ikastarora bakarrik ez, talde batera gonbidatuko nituzke eta hor sentitzen den segurtasunera, lasaitasunera eta konplizitatera. Eta martxoaren 8ko greban izan baziren, dagoeneko irrika hori barruan izango dute, eta behin kutsatzen zarenean, uste dut bizitza osorako dela.

Nola bizitu zenuen martxoaren 8ko greba eguna?

Ilusio eta poz handiz, baina baita frustrazio pixka batekin ere. Oraindik ere kosta egiten delako jendeak ulertzea zer den greba feminista bat, eta azalpen asko eman behar dira. Gizonen papera zer... eta hor egon behar dugu momentuoro pedagogia egiten, eta nekeza egiten zait momentu batzuetan. Baina uste dut merezi duela horrek guztiak, eta gero emaitza ikusi besterik ez dago. Belaunaldi ezberdinetako emakumeak ikusi genituen, eta niri horrek hunkitu egiten nau. Uste dut martxoaren 8tik hona ez zaidala irribarrea aurpegitik kendu, eta horrek ez du preziorik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!