Udaberrirako eskaintza sorta zabala prestatu du Zumardiak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 20a, 11:58

Trail eta baratze eskoletan ikastaroak antolatu ditu Tolosako elkarteak, apiriletik ekainera bitarte. Aurrerago, ekintza gehiago burutuko dituzte

Zumardia elkartekoek jada prestatu dute udaberriko eskaintza. Ekintzen artean, bi nabarmentzen dituzte: trail eta baratze eskolak. Biak, apirilean hasi eta ekaina amaitu bitarte luzatuko dira, eta beraz, oraindik zabalik dago izena emateko epea.

Trail eskolan, 7 eta 18 urte bitarteko gazteak eta helduak prestatuko dituzte mendian korrika ibiltzeko, gutxienez 5 eta gehienez 10 laguneko taldeetan. Adinaren arabera, egun desberdinetan izango dira Ibon Artola kirol teknikariak eta mendi gidariak zuzendutako klaseak. 7-10 urte bitartekoak, astelehenetan; 10-12 urte bitartekoak, asteazkenetan; 12-14 urte bitartekoak, astearte eta ostiraletan; eta 16-18 adin tartekoak, asteazkenetan. Helduek, astearte eta ostegunetan izango dituzte saioak.

Prezioei dagokionez, gazteek 90 euro (bazkideek, 81) eta helduek 105 euro (bazkideek, 96) ordaindu beharko dituzte. Kirol honen balioak ezagutarazteaz haratago, orientazioa eta prestaketa fisikoa jorratzea, bakoitzak mendian bere lekua aurkitzea, edota laguntasuna eta errespetua landu nahi dituzte.

BARATZETIK HEZIKETARA

Bestalde, baratze eskolan ere antolatu dute ikastaroa. Lurrarekin kontaktuan, eta modu dibertigarrian, ingurumenari buruzko esperientziak izatea nahi dute Iurreamendiko baratze parkean. Baratzeen jatorria ezagutu, eta behar duten zaintza nolakoa den irakatsiko dute. «Baratzea naturarekin dugun harremana lantzeko tresna pedagogikoa da».

Baratze eskola, haurrei, gazteei edota helduei dago zuzenduta. Haurrak bakarrik joan daitezke, nahiz eta 8 urtetik beherakoak, heldu batek lagunduta joatea eskatzen duten. 10 saio izango dira, ostegun arratsaldetan. Apirilaren 4ean izango da lehena, eta Eli Trojaola, Ingurumen Zientzietan lizentziatua eta Nekazaritza Ekologikoan esperientziaduna izango da irakaslea.

Ikastaroak, tarifa desberdinak ditu. Haur batek eta heldu batek bikotea osatuz, 100 euro (bazkideek, 90 euro) ordaindu beharko dituzte. Haurra bakarrik joanez gero, 80 euro (bazkideek, 72) ordaindu beharko dira. Azkenik, heldu baten eta bi haurren prezioa 150 eurokoa (bazkideek, 135) izango da. Interesa duenak, www.zumardia.eus webgunean aurki dezake informazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!