Zezen plazako harmailak osorik eraberrituko dituzte datozen hilabeteetan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 19a, 12:41

Maiatzean hasi eta, urte erdiren buruan, egun dauden 12 harmailak bota eta 9 berri jarriko dituzte, eserleku zabalagoekin.

Duela hiru urte garatu zuen, udalak, zezen plaza zaharberritzeko proiektua, legeak erabiltzaileentzako aurreikusitako ebakuazio eta segurtasun betebeharretara egokitzeko. Lanek 1.200.000 euroko kostua izanik, obrak 5 urteko epean gauzatzea erabaki zuten, lau fasetan banatuta.

Fase horietako bi gauzatuta daude jada, hiru larrialdi irteera berri jarriz, palkoetako egitura sendotuz eta kanaloi guztiak aldatuz. Orain hirugarrenari helduko diote, harmailak oso osorik berrituz. Lan horien kontratazioa lehiaketara atera zuen udalak, eta hilaren 7an amaitu zen epea. Lanek 522.488 euroko aurrekontua dute, maiatzean hasiko dira, eta 6 hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute.

Fase horretan, egungo 12 harmailak eraitsiko dituzte, bederatzi berri eraikiz. 3 harmaila gutxiago izango dira, eserlekuak handiagoak direlako; egungo 65 zentimetroetatik, 85 zentimetro izatera pasatuko dira, legediak ezarritako segurtasun eta irisgarritasun neurriak betetzeko. Azken fasea, berriz, 2020an gauzatzea aurreikusi dute. Orduan, palkoak berrituko dituzte, 354.729,33 euroko aurrekontuarekin. Estalkiari, gainera, suteen aurkako tratamendua emango diote.

3.287 PERTSONAKO EDUKIERA

Obrak guztiz amaitzean, plazak bi irteera izango ditu, 500 pertsonarentzako edukierarekin. Tendiduak, berriz, 8 irteera eta 1.987 pertsonentzako edukiera; harmailek 4 irteera eta 800 pertsonarentzako edukiera. Ondorioz, zezen plazak 3.287 pertsonarentzako edukiera izango du.

Zezen plazaren balizko erabileren analisia 2017an egin zuten, azpiegitura sozio-kulturalen azterketan. Orain, egungo eta etorkizuneko beharrak, erabilerak eta horiek aurrera eramateko beharrezko obra, ekipamendu eta moldaketak lantzen ari dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!