Pisu hutsak eta horien beharrak aztertuko ditu Tolosako Udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 19a, 12:38

Diagnostikoaren proiektua lehiaketara atera zen. Aurrekontua 49.586 eurokoa da, eta bizitoki hutsak mobilizatzeko neurriak identifikatzea da helburua.

Tolosako Udalak, 2019ko aurrekontuaren aurkezpenean eman zuen ezagutzera, etxebizitza hutsen eta horien beharren azterketa egiteko zuen asmoa. Behin bertatik eskuratutako datuak oinarri hartuta, etxebizitzak merkaturatzeko jarduera plana burutzea da helburua. Hori guztia, gainera, genero ikuspuntua barne hartuta osatu nahi dute.

Diagnostikoaren egikaritzea lehiaketara atera zuen udalak, eta interesa zutenek, martxoaren 12ra bitarte zuten aukera, nahi adina proposamen aurkezteko. Lan hori egiteko aurrekontua 49.586 eurokoa da, BEZ-a gehitu gabe, eta berau garatzeak 8 hilabeteko iraupena izango duela aurreikusi dute.

Udalak bi lan ildo bereizi nahi ditu lanketa honetan guztian. Alde batetik, Tolosako etxebizitza hutsei buruzko, etxebizitza beharrari buruzko eta egungo etxebizitza parkeak eskaintzen dituen aukeren inguruko azterketa edo diagnostiko bat egitea. Beste alde batetik, berriz, etxebizitza huts horiek mobilizatzeko zein neurri har daitezkeen identifikatzea, alokairurako zein salmentarako erabili ahal izateko.

ALOKAIRUA SUSTATZEA

Udalak azken urteotan hainbat kanpaina egin ditu etxebizitza hutsen alokairua sustatzeko. Ezagunena, gazteen eskura jarritako Euskal Herria plazako 25 zuzkidura bizitoken kasua da. Tolosako Udalak 18 eta 35 urte bitarteko herritarrei begira martxan jarritako proiektua da apartamentu sozialena; gehienez ere, hiru urterako luzapenarekin.

Orain, ordea, helburua da, egungo informazioa egoki zabaltzea, eguneratzea eta xehetasun gehiago jasotzea. Behin hori oinarri izanda, etxebizitza sustatzeko politika eraginkorrak abian jartzea izango litzateke ondorengo urratsa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!