Lokal hutsen aktibaziotik merkataritza sustatu nahian

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko martxoaren 19a

Merkataritza enpresei zuzendutako barne-ekintzailetza bultzatu nahi du Tolosako Udalak, lokal hutsen ahalmen ebaluazioa aztertuz.

Merkataritza sektorean ekintzailetza sustatuko du udalak, hutsik dauden lokalen aktibaziotik abiatuta. Hilabete hasieran, ikerketa osatzeko kontratua lizitaziora atera zen: 22.500 euroko aurrekontua du lanak, eta 4 hilabetean egingo dute.

Lanak bi ildo jorratuko ditu. Merkataritzako enpresei zuzendutako barne-ekintzailetza bultzatuko dute, norbanako nahiz enpresen proiektuak garatuz. «Merkataritzan berrikuntza sustatu nahi dugu, proiektu berritzaileak identifikatu eta martxan jartzeko», azpimarratu dute udaletik. Lokal hutsek aktibatzeko duten ahalmen ebaluazioaren azterketa ere egingo dute.

Ikerketa hiru fasetan egitea aurreikusi dute. Lehenik, herriko merkataritzaren eta lokal hutsen analisia; gero, herriko barne-ekintzailetzako jardun onen diagnostikoa, eta erabilerarik ez duten komertzioen ebaluazioa eta kalifikazioa; eta, azkenik, Jarduketa Planaren diseinua.

Udalaren esanetan, «herriaren garapen ekonomikoan garrantzi handia du merkataritzak, eta hori indartzea eta sustatzea ezinbesteko da, kalitatezko enplegua sortzeko. Bertan ditugun azpiegitura komertzialei irtenbidea eman behar zaie, herri atsegin eta biziago bat lortzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!