Segurtasuna eta errealitate birtuala izango ditu ardatz Encounterrek

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 18a, 18:00

Hamahirugarrenez egingo dute Gipuzkoa Encounter Usabal kiroldegian, asteburuan.  600 parte hartzailerentzat izango du lekua eta Opengunea herritar orori irekia egongo da.

Gipuzkoa Encounter Euskaltel Konektak antolatutako informatika eta teknologiaren topaketa hartuko du Tolosako Usabal kiroldegiak asteburu honetan, ostiraletik igandera. Gune nagusian 400 ordenagailurentzat lekua izango du, 600 parte hartzaile espero dira orotara, eta  segurtasun informatikoa eta errealitate birtuala izango dira aurtengo gai nagusiak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, teknologia berrien aurrean prebentzio eta segurtasun neurriak hartzeko aholkuak emango dituzte adituek hainbat solasaldi eta tailerretan, eta horietan doan parte hartu ahal izango dute interesa duten guztiek. Gainera, errealitate birtualaz gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Ekimenak «dibulgaziorako bokazioa» duela nabarmendu dute, eta, horregatik, solasaldietan teknologia berrien inguruko gaiak landuko dituzte, robotikarekin, programazioarekin eta datuen analisiarekin harremana dutenak, besteak beste.
Beraz, Usabal kiroldegira gerturatzen direnek hainbat ekintzatan parte hartu eta Openguneko espazioak bisita ditzakete: jokoen eremua, 3D inprimagailuak, errealitate birtualaren espazioa, hardware arloa eta marka teknologikoen standak.
Azken horietan, Thermaltake enpresarena azpimarratu dute antolatzaileek. «Elikatze-iturrien diseinu eta fabrikazioan, hozte-sistemetan eta prestazio altuko kaxetan espezializatuta dago enpresa hori, eta Gipuzkoa Encounterren izango duen gunean bisitariek Mod Vodka ezagutu ahal izango dute, eraldatua dagoen ordenagailu ikusgarria». Gainera, hozte likidoari buruzko ikastaroa ere eskainiko dute, moddingerako —ordenagailuen eraldaketa estetiko eta teknikoa— beharrezkoa den prozesua.
Aisialdi eta formakuntza jarduera horiek Opengunean izango dira, hau da, sarrera librea duen eremuan. Espazio hori kiroldegian euren ordenagailuekin ezarriko diren parte hartzaileentzat erreserbatua dagoen gunearen aldamenean egongo da. Antolakuntzatik Openguneak aurreko edizioetan izandako «harrera ona» nabarmendu dute,  ehunka pertsonak izan dutelarik espazioaz gozatzeko aukera.


Sarrerak, 2 segundotan
Hamahirugarren urtez egingo dute topaketa Tolosan, eta dagoeneko egonkortutako hitzordua dela esan daiteke. Hala erakusten dute, esaterako, izen emate datuek. Pasa den urtean 15 segundo behar izan baziren eserleku guztiak betetzeko, aurtengoan 2,1 segundo nahikoak izan dira. Bertan izango diren 600 parte hartzaileek segundoko 10 gigako internet konexioa izango dute, eta Euskaltel Konekta fundazioak antolatutako tailerretan parte hartuko dute. Parte hartzaile askok, gainera, Laskorain ikastolan ipiniko dituzten literetan pasako dute gaua.
Bestalde, Tolosaldea Institutuko lau ikaslek ere hartuko dute parte topaketan, errendimendu altuko sareek nola funtzionatzen duten ikasi eta institutuan ikasitakoa testuinguru erreal batean aplikatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!