"Tolosako alkateari gure haserrea eta errealitatea erakutsi nahi diogu"

Ataria 2019ko mar. 16a, 15:25

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak hamabostean behin elkarretaratzea  burutzeko asmoa azaldu du.

Gaur eguerdian 150 herritar inguru elkartu dira Tolosako Trianguloa plazan. Mobilizazioa TOPAk deitu du, eta bi larunbatetik behin elkartzeko asmoa azaldu dute. Hori egiteko hiru arrazoi aipatu dituzte elkarretaratzearen amaieran. Ondoren, ordezkari politikoei elkarrekin lan egitea exijitu diete, "norabide berean, eta eskatu dezatela justiziaz Tolosaldeko herritarroi tokatzen zaiguna, kaltetuak denok gara eta, ideologia batekoak zein bestekoak izan".

Gaur Tolosan elkartzeko lehen arrazoia Tolosako alkateari euren haserrea eta errealitatea erakusteko nahia izan dela esan dute TOPAko kideek: "Errealitate hori oso desberdina da konparatzen baldin badugu alkateari txostenetan eta bulegoetan erakusten dioten errealitatearekin. Erakutsiko diogu zer errealitate bizi eta jasan dugun azken 8 urte hauetan, arreta eskasa jasotzen ari garelako Asuncion-ekin hitzarmen publiko-pribatua sinatu zutenetik".

Mobilizazioa egiteko bigarren arrazoi bezalako honakoa aipatu dute: "Garbi utzi nahi diogu kexa edo protesta honen bidez, norbanako kexa askorik ez dagoela, baina ez pozik eta gustura gaudelako jasotzen dugun arretarekin, baizik eta gutako asko ez garelako ausartzen kexa jartzera".

Azkenik, gauzak konpontzeko prestutasuna azaldu dute: "Hemen bildu gara, gutako bakoitzak lagundu egin nahi duelako 8 urte hauetan jasan dugun arazo hau konpontzen; gutako bakoitzak bere alea jarri nahi duelako. Izan ere, hemen ez du nork bere konponbidea bilatu behar. Ez, hemen, auzi honetan, konponbideak kolektiboa izan behar du, bakoitzak bere aletxoa jarrita".

Beste behin azpimarratu dute Gipuzkoako beste eskualdeek dutena bakarrik eskatzen dutela: "ekitatea, haiek adina ordaintzen dugu eta". Ondorioz, zera exijitu dute: "Ordain dezatela behingoz Tolosaldeari zor diotena, ordaindu dezatela 35 urte hauetan pilatu den zorra, zor hori, gainera, urtetik urtera handitzen ari da batere ekitatiboa ez den hitzarmen bidegabe hori sinatu zutenetik". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!