Kultur eskaintza hau egonkortuta egotetik haratago, ohitura bihurtu da Tolosan, Tolosaldean, eta baita Donostialdea, Goierri eta Urolaldeko eskualdeetan ere, toki horietatik guztietatik biltzen baita publikoa Leidorrera. Astelehenean, 589 ikusle bildu ziren Leidorren; asteartean, 506 ikusle, eta asteazkenean, 505. Guztira, 1.600 ikuslek gozatu ahal izan dute mendiaz eta zinemaz.
Aurtengo edizioan Mendi Tourreko 6 film eskaini dira, Bilbao Mendi Film Festivaleko hamaikagarren edizioko onenetakoak, tartean Epaimahaiaren Saria jaso zuen The Dawn Wall eta Kirol eta Abentura Film Onenarena The Weight of Water. Mendia, muturreko kirolak, abentura eta natura batetik, eta zinemagintzako puntako ekoiztetxe, zinemagile eta atletak bestetik dira film horietako protagonistak. Gainera, era guztietako gaiak jorratu dira: eskalada, free ride eskia, mendiko eskia, mendiko kultura, surfa, psicobloca, alpinismoa, ur lasterretako kayaka...
Tolosako Udala Film Laburren lehiaketa
Tolosako Udalak urtero antolatu eta babesten duen film laburren lehiaketako irabazleak ere aurkeztu dira Mendi Tour jaialdian. Astearteko saioan izan zen. Save the Karnali film laburra izan da irabazlea. Mikel Sarasola donostiarrak zuzendutako lanak, 600 euroko saria jaso du. Tolosaldeko egiletza duen film labur onena, berriz, Tsaranoro. Madagaskar. Eskalatzen munduan zehar izeneko ikus-entzunezkoa izan da, Andoni Arregi tolosarraren eta Imanol Amundarain ataiuarrarena. Hauek, 400 euroko saria lortu dute.
Everesteko komiki erakusketa
Everest: Herri oso bat gailurrean komikiaren erakusketa ikusi ahal izan dute Mendi Tour jaialdira hurbildu direnek. Bilbao Mendi Film Festivalek eta SUA argitaletxeak elkarlanean argitaratutako komikia da, 1974ko, eta batez ere, 1980ko Everesteko euskal espedizioak eta espediziokideak gogoan dituena. Gertaera historiko hura komikira ekarri zuten Cesar Llaguno marrazkilari bilbotarrak eta Ramon Olasagasti gidoilari eta testugile berrobitarrak.
Komikiaren lanketa prozesua du ardatz erakusketak. Eta bidenabar, komikia bera, euskarazko nahiz gaztelaniazko bertsioetan, salgai jarri da Leidorren 8’5 eurotan. Ramon Olasagastik sinadurak eskaini ditu egun hauetan.
Antxon Bandres Bidaia Beka
Asteazkeneko saioan, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoko V. Bidaia Bekako sarituen berri eman zen. DBH 4ko ikasleei zuzendutako deialdia da. Gazteek 6 laguneko taldea osatu eta egingo luketen bidaiaren aurkezpena landu dute, gai jakin batekin lotura duena.
Lehen saria, Ibarrako Uzturpe Ikastolako Axier, June, Irati, Manex, Jon eta June ikasleek eskuratu dute, Euskal Herrian zehar egingo den bost eguneko bidaia irabaziz. Bigarren saria, berriz, Tolosako Laskorain Ikastolako Ziortza, Iker, Hodei, Garazi, Ohian eta Aitor ikasleek lortu dute, oraindik zehazteke dagoen lekuan asteburu bat igarotzeko saria eskuratu dutelarik.