Fakirraren bateria jotzailea

Jon Miranda Labaien 2019ko mar. 17a, 05:00

Imanol Larzabalen ondoan urteak eman zituen, eta oroitzapen «gozoak» gordetzen ditu berarekin pasatakoez.

Franco hil ondoren itzuli zen, Imanol Larzabal, erbestetik. Michel Longaronek Paco Diazen bitartez egin zuen hitzordua berarekin, Donostiako Boulevardeko erlojuan, 1976an: «'Tipo altu bat ikusiko duzu, melena daramana, eta piura arraroarekin' esan zidan Pacok, eta egiazko inpresioa eragin zidan ezagutzeak. Ni, artean, ume mokoa nintzen, eta bera gizon altua eta ahots sendokoa. Gainera, oso kontu esale ona zen, eta berehala hasi zitzaidan Gwendal taldearekin eta Georges Moustakirekin egona zela esaten. Nik erabat harrituta begiratzen nion», gogoratu du Longaronek.

Elkar ezagutu eta berehala hasi ziren emanaldietan. «Hasieran Algortakoak ziren beste bi mutilekin aritzen ginen, bata baxu jotzailea eta bestea gitarrista. Halako batean, kontzertu batean baxu jotzailea falta zitzaigun. Ez zetorrela eta ez zetorrela, gero jakin genuen, poli-milia zela, eta kolpe batean parte hartu zuela. Imanolek, akaso, izango zuen susmoa, baina nik ez nekien ezer». Talde hura desegin, eta Oskorrin ibilitako Karlos eta Santi Gimenez anaiekin, eta Pedro San Martinekin batera hasi ziren, Imanol eta Longaron bera. «1979an Sentimenduen hauspoz diskoa atera genuen eta, lanari izenburua jarri behar zitzaiola eta, proposamenak botatzen hasi ginen. Hitz joko bat eginez, azkenean Klabelin Komik atera zen». Bigarren diskoa ere atera zuten, 1981ean: Jo ezan.

Longaronen ustez, ez zen zaila Imanolekin lan egitea, «asko delegatzen zuen besteengan». Kantariaren ahots eta gitarra doinuei «laguntzeko» lana hartzen zuten taldekideek: «Garai hartan musika asko entzuten genuen, ez genuen filtro handirik, eta egiten genuen horretan gure gustuak txertatzen saiatzen ginen. Gure proposamenei kasu egiten zien Imanolek, guk markatzen genion bideari heltzen zion gehienetan. Oso irekia zen, eta berak ere musika asko entzuten zuen», dio tolosarrak. Garai hartako kantu bat du gogoan Longaronek, Jo ezan diskokoa: Josepa Mendizabal Zaldibian. «Uste dut goia jo genuela, kantu horren moldaketak eta zati instrumentala izugarriak dira. Hor erabat erlaxatuak geunden, eta nahi genuen hura egiten genuen».

Imanolen bi aroak

Imanolen ondoan urterik oparoenak eman zituen Longaronek. «Bere ondoan beti pasatzen ziren gauzak. Kontaktu asko zituen, eta kontzertu asko ateratzen zitzaizkigun. Oso ederra izan zen garai hura». Urte haietan, jatorri errusiarreko bikotea zuen Imanolek, itzultzailea ofizioz eta, Longaronen ustetan, musikari donostiarra «zentratzen zuen» neska lagunak: «Haien etxera joan, eta liburuak, diskoak eta filmak nonahi topa zenitzakeen. Intelektualak, batzuetan, izaten dira barrura begirakoak, baina Imanol kontrakoa zen, optimista zen, irekia, kanpolarrosa».

Aro hura gogoratzea nahiago du bateria jotzaileak, eta ez Imanolek bizi izan zituen azken urteak: «Jarrera arraroak hartu zituen, oso mokofina bihurtu zen, fidagaitza. Hil aurreko urte haietan, garai berrietara ezin egokitu sumatu nuen. Baina erraza da kritika egitea, azken batean, denoi gertatzen baitzaigu. Ez da erraza, bizitzea tokatzen zaizun garaiekin konpasatuta joatea».

Imanol fikzioaren bitartez esplikatzen duen nobela

Imanol Lartzabal kantariaren bizitza oinarri hartuta, Imanol Lurgain protagonista duen fikziozko istorio bat eraiki du, Harkaitz Canok, Fakirraren ahotsa eleberrian. Hura ezagutu zuten 30 lagun elkarrizketatu ondoren osatu du eleberria idazleak, eta tartean izan da Michel Longaron.

Euskara nahi bezain ondo menperatzen ez duenez, Canok nobela noiz itzuliko zain dago musikari tolosarra. «Oso jende ezberdinak gomendatu dit, eta badut gogoa irakurtzeko». Longaroni esana diote, dagoeneko, Jean-Marc pertsonaiaren traza hartzen diotela. «Imanol beti aritzen zen txantxetan, frantses doinuaz ahoskatzen zituen nire izen-abizenak: Michel Longaron. Horregatik, agian, Jean-Marc izena?», galdetu du tolosarrak.

Imanolen musika ibilbidean, ez da Longaron bere ondoan ageri den tolosar bakarra. Juantxo Zeberiok ere jo izan zuen kantariaren ondoan, eta Txema Garces bere makulua izan zen, urte luzeetan. Fakirraren ahotsa-n piano-jotzaile gaztearen traza har dakioke lehenari, eta Telmorena bigarrenari.

Juantxo Zeberio (Tolosa, 1967)

«Nire bataioa, musika munduan, Imanolekin izan zen. Berak ireki zizkidan ateak, Txemaren bitartez. Orain musikari bezala zerbait baldin banaiz, Imanoli baietz esan niolako da»

«Imanol, Txema eta hirurok ibili ginen, azken urteetan, elkarrekin. Formazio estua zen, txikia, hurbilekoa eta konprometitua»

«Gizon handi bat zen, musikari handia eta bihotz onekoa, baina, aldi berean, kontraesan handiak zituen. Inpultsiboa zen eta ondorioei erreparatu gabe ematen zituen askotan iritziak, politikoki garai zailagoak zirenean».

Txema Garces (Tolosa, 1960)

«Musika munduan Mikel Errazkinekin eta Imanolekin bakarrik izan dut harreman berezia; biak hilda daude»

«Asko irakurtzen zuen eta jakin-min handia zuen. Gero, pentsatzen zuen hori esaten zuen, mingostasunik eta eztabaidatzeko intentziorik gabe»

«Dena gustatzen zitzaion, eta dena iruditzen zitzaion aprobetxagarria. Bizitzaz gozatzen zekien»

«Beretzako lagunak munduko gauzarik garrantzitsuena ziren, nahiz eta, gero, horietako batzuk, erabili egin zuten»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!