San Esteban eremuko aldaketaren idazkera lizitaziora atera da

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 13a, 19:58

Orain artekoa baino azterketa sakonagoa eta zehatzagoa burutzea da udalaren helburua. Auzoaren garapena faseka egingo da, bideragarritasun ekonomikoa bermatze aldera.

Tolosako Udalak lehiaketara atera du San Esteban auzoko eremuari eragiten dion plan orokorraren aldaketarako dokumentazioa idazteko kontratua. 48.000 euroko aurrekontua du, BEZ-ik gabe, eta gaurkoa zen proposamenak aurkezteko azken eguna.

San Esteban auzoari buruzko planteamendu desberdinak egin dira azken urteetan, eta egoera sozio-ekonomikoak eta herritarren beharrak aldatuz joan dira. Orain, eremua egungo errealitatera egokitu nahi da plan orokorraren barruan, eta horretarako azterketa abiarazteko kontratazio prozedura martxan jarri da.

Orain artekoa baino azterketa sakonagoa eta zehatzagoa burutzea da helburua. Auzoaren garapena faseka egitea ezinbestekoa da, bideragarritasun ekonomikoa bermatze aldera. Honek, barne hartuko ditu jasangarritasuna, mugikortasuna eta genero ikuspegia. Hori dela eta, espazio publikoa berregokituko da, eremuaren eta herrigunearen konexioa hobetuz eta auzoa atseginago eginez, trafikoarentzako eremua gutxituz eta oinezkoen erosotasuna eta segurtasuna bermatuz. Aldi berean, garraio zerbitzuak hobetu eta aparkalekuak berrantolatuko dira.

Alor kulturala mantentzea eta sustatzea ere helburu ditu planak, Bonbereneak bere jarduerak aurrera eramateko beharrezko eremua aurreikusiz, Ferialekua handituz eta hobetzeko bideak aztertuz, edota kultur eta kirol jarduera gehiago gauzatzeko aukera berriak sortuz. Etxebizitzei dagokienez, beharrezko kopurua zehaztuko da, babes ofizialekoena eta alokairu sozialera bideratutakoena aurreikusiz, proiektu bideragarria izan dadin.

Idazketa hiru fasetan gauzatzea aurreikusten da. Lehenean, egoeraren diagnosia eta herritarren parte hartze prozesuaren diseinua gauzatuko dira, lehen saioa ere burutuko delarik. Bigarrenean, berriz, hasierako dokumentua idatzi eta herritarrekin bigarren saioa burutuko da, antolamendu aukera desberdinak jasoz. Azken fasean, jendaurrean egongo den epean aurkeztutako iradokizunei erantzuteko txosten tekniko-juridikoak idatziko dira. Prozesuak 17 hilabete irautea aurreikusten da.

Azterketatik eratorritako proposamenak, auzotarrekin, herritarrekin eta bertako eragileekin partekatuko dira. Behin ekarpenak jasota, plan orokorraren aldaketa tramitatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!