Apustu etxeen eztabaida mahai gainera ekarriko du Ahal Duguk

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 13a, 09:26

Herritarren zalantzak bildu ondoren, gai honen inguruko «akordio zabalak» bultzatu nahi ditu. Gainera, martxoko osoko bilkuran mozioa aurkeztuko du.

Tolosako Ahal Dugu alderdiak apustu etxeen inguruan hausnartu behar dela uste du. Hainbat herritarrek gaiaren inguruan dituzten kezkak jaso dituzte eta «arazoak ematen dituztela eta liskar ugari egoten direla» jaso dutela esan dute.

Alderdiko bozeramaile eta alkategai Iñigo Cabiecesek, «Tolosako etorkizunean garrantzia handiko gaia izango denaren inguruko akordio zabalak» bultzatzeko asmoz, beste alderdiekin harremanetarako tartea ireki du.

Apustu etxeen hedatzearen, eta ondorioz, EAEn dauden ludopatia kasuen gorakadaren aurrean, Ahal Duguk, «beharrezkotzat» jotzen du «ekonomikoki edo sozialki ahulezia egoeran bizi diren herritarrak babestuko dituen araudia zehaztea». Deustuko Unibertsitateak iaz egindako inkesta baten arabera, EAEko 12-22 urte bitarteko gazteen %30 inguruk dirua jokatzen dute.

«Gainera, geroz eta apustu etxe gehiago daude. Ez dugu horrelakoak debekatzerik nahi, baina Tolosan lokal berri bat irekitzean kontuan izan behar da zein herri eredu nahi dugun», dio Cabiecesek. Horrela, «herritarren mesedetan» hartuko diren neurriak, «gehiengo zabal baten kontsentsuz onartzea» nahi dute, «arazoa okertu dezaketen oztopoak ekidin behar direlarik, ondorioak latzak izan daitezkeelako».

Cabiecesek mahai gainean jarritako neurrien artean, herrian apustu etxe hauen zabaltzea mugatzea egongo litzateke, euren arteko gutxieneko distantziak ezarriz. «Bestetik, gune horietan liskarrak izaten direnez, horiek ekiditeko Udaltzaingoaren formakuntza berezia urrats garrantzitsua izango da».

Kokalekuei ere, garrantzi berezia eman nahi die. «Trianguloa plaza inguruan bi lokal daude eta kultur etxea gazteentzako eremu bat dela jakinda ez dira leku egokienak, gazteengan eragina dutelako». Sektore ahul horrengan ere jarri nahi dute fokua, «beraiek direlako herriaren etorkizuna». Beraz, apustu etxeak hezkuntza eta kultur zentroetatik urruntzea ere proposatzen dute. Hala ere, ekimen honen inguruan «proposamenak jasotzera» irekiak daudela ere azpimarratu du, «helburua benetako konponbidea bilatzea delako». Martxoko osoko bilkuran mozioa onartuz gero, aurrera jarraituko dute, bestela, gainerako proiektuen inguruan lanean hasiko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!