Tolosako Musika Banda, Udal Musika Banda izatera igaroko da

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mar. 12a, 19:58
Udalbatzak Tolosaldeko Euskararen Mahaia sortzeko mozioa onartu zuen unea.

Udalak eta musika bandak 25 urterako kontratu berria sinatu dute. Euskararen Mahaia osatzea eta bi zerga ordenantzaren aldaketak ere onartu ziren otsaileko osoko bilkuran.

10 puntuko gai zerrenda izan zuen hizpide udalbatzak, otsaileko osoko bilkuran. Lehenik, 19.890 euroko mailegu osagarria onartu zuen udalak, aurrekontuan ezarpenak egin behar izan dituztelarik. Iurreamendi egoitzara bideratutako aurrekontuari dagokio kopururik handiena: 14.650 euro. Kopuru osoari, zenbait diru-partida ere badagozkio: landa auzoetako taxi zerbitzuarena, 1.000 euro; Udal Musika Bandarena, 1.590 euro; eta hondakin bilketara zuzendutako aurrekontuarena, 2.650 euro.

Horiek horrela, Tolosako Musika Bandaren kontratazioaren prozedurari hasiera eman zion udalak. Aurrerantzean, Udal Musika Banda izatera igaroko da, bi alderdien arteko erlazio juridiko berri bat adostu ondoren. Hogeita bost urterako kontratua onartu zen beraz, urteko 147.000 euroko ekarpenarekin, eta herriari zuzendutako emanaldiak eta zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko.

Hitzarmena zeharkakoa izango da, zerbitzu bidezko kontratu baten bitartez. Olatz Peon alkateak adierazi zuen Udal Musika Banda herrian «guztiz errotua» dagoen zerbitzua dela. «Bandak bere historian zehar kultur arloan funtsezko garrantzia izan du, gure nortasunaren parte da, eta herriaren sormen kultural zein musikalean zeresan handia du». Bestetik, EH Bilduko Igor Ezenarro zinegotziak aipatu zuen, «kostata, baina musika bandak dituen helburuak lortzen ari gara, eta guztia legealdia bukatu aurretik prest izatea nahi dugu».

'Haragi 2019'-ko prezio igoera

Bi zerga ordenantzaren aldaketak ere onartu ziren bilkuran. Aurrena, zerbitzuak eman eta udal jarduerak burutzeagatik, Haragi 2019 jaialdiko otorduaren prezioaren igoera onartu zen, aho batez. 5 eurotan igoko da, 45 eurotatik, 50 eurotara. Haragiaren barruko asteburu osoko festa maiatzaren 9tik 12ra bitarte ospatuko da aurten.

Bi hobari berri

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren ordenantza aldaketan bi hobari berri ere onartu ziren. Lehena, Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Ondare katalogatuaren barnean, udalerriko hirigintza ondarean barne hartzen diren ondasun eta elementuena: %60ko hobaria.

56 etxebizitza, baserri eta iturriren zerrenda berri bat egin du udalak, eta horien artean aurkitzen da Fronton Kafetegia. EH Bilduko ordezkariek, ordea, ez zuten begi onez ikusi beherapen bat aplikatzea, hura ustiatzeko lehiaketaren prozesua martxan dagoen honetan. «Korrika eta presaka» aplikatu dela adierazi zuten. «Hori lehiaketara aurkeztu den enpresa pribatu baten eskaera izan daiteke, eta hori dela eta, udal aurrekontuetan geratuko ez litzatekeen diru kopuru bat aurreztuko luke». Ondorioz, EH Bilduk, gaia mahai gainean uzteko eskaera egin zuen, «azterketa sakonago bat eskatzen duelako», eta aurka bozkatu zuen.

Udal Gobernuko ordezkarien izenean, Peonek eta Begoña Tolosa zinegotziak, nabarmendu zuten beherapena ez zaiola Fronton kafetegiari aplikatzen, bereizketa bat arintzeko egingo dela esan zuten. % 60ko beherapen hori Alde Zaharreko eraikin askotan aplikatzen dela, eta bertatik kanpo, badirela beste eraikin asko, ondare urbanistikoaren parte direnak, eta irizpide bera ezarri beharko litzaiekeela.

Eraikuntza zergen gaineko ordenantza aldaketan ere onartu zen hobaria: % 95ekoa. Hori, alokairuko babes ofizialeko etxebizitzak egiteko eraikuntza berriko obrak interes berezikoak edo udal onurakoak diren izendatzean eramango da aurrera.

Euskara eta Sahara

Tolosaldeko euskalgintzan gobernantza eredu berria izango da aurrerantzean, Tolosaldeko Euskararen Mahaia osatzea onartu baitzen. Mahai hori, politikari, teknikari, kazetari, euskaltzale eta adituek osatuko dute, estrategia eta ekarpen berritzaileak egiteko helburuarekin, euskara eskualdeko herritarren lehentasunezko hizkuntza izan dadin.

Era berean, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 43. urteurreneko mozioa ere onartu zen, saharar lurraldeko giza eskubideen urraketa salatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!