Herrikiden ostiralerako deitu dute greba

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 12a, 10:46

Sindikatuek lau eguneko greba deitu dute gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan, gaurtik ostiralera. Martxoaren 15ean manifestazioa egingo dute Donostian.

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileak greba egunak dituzte gaurtik ostiralera. Horiez gain, apirilerako beste lau egun deitu dituzte, hileko lehen laurak, eta maiatzerako bi, 8a eta 9a.

Ikasturte honetan 14 lanuzte deitu dituzte dagoeneko, 215 ikastetxetan.

Tolosako Herrikiden ostiralean irtengo dira kalera grebarekin bat egin duten irakasleak, Donostian egingo den manifestaziora joateko.

Pello Agirrezabal Herrikideko zuzendaria da. Hona hemen, Ataria Irratian goizean adierazitako hainbat pasarte (elkarrizketa osoa audioan dago entzungai):

Herrikiden, lau eguneko deialdia izan arren lan uztea egun batekoa izatea atera zen asanbladan. Donostian manifestazioa ostiralean izango da eta greba egingo duten irakasleek egun horretan egingo dute, martxoaren 15ean.

Jakin badakigu irakasle batzuk lanera etorri behar direla. Zerbitzu minimoak bermatuta daude. Ez dakiguna da zenbat izango garen lanen eta zenbat greban. Astea aurrera joan ahala joango dira datuak jakiten.

Egia da familia batzuk hemen ere harremanetan jarri direla nirekin eta kezka eta haserrea erakutsi dutela. Ezin diet inolaz ere kontra egin, ez daukadalako argudiorik. Oso ondo ulertzen dut zer suposatzen duen beraientzat egoera honek.

Gatazka baten aurrean nire ustez beti bitartekaritza bat bilatu beharko litzateke. Alde bakoitzak bere kartak mugitzen ditu, eta bere interesen araberako irakurketak egiten ditu.

Nire ustez, horrelako gatazka serio batean aurrean ez baldin badira adostasun minimo batera iristeko gai izan, eta horrenbeste denboran, denongatik ere asko esan nahi duela. Agian beste estrategia batzuk erabili beharko dira, orain arte erabili direnek ez dutelako ezer aurreratu.

Eusko Jaurlaritza ere desagertuta dago. Hezkuntzaz hausnartzeko garaia baldin bada hausnar dezagun. Adibidez, zergatik daude itunpeko eskoletan bi hitzarmen desberdin? Gauza guzti horiek mahaiaren gainean jarri behar dira eta eztabaidatu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!