3.000 euroko saria eta Euskal Herriko txapela irabazi zituen atzo Irurtzungo pilota elkarteak Beotibarren. Pilota elkarteen arteko nazio txapelketaren V. edizioaren finala jokatu zen Tolosan. Gorriz, Iruñeko Oberena; urdinez, Irurtzun. Lau eta erdian, buruz buru kantxa osoan eta binaka neurtu zituzten indarrak, eta azken emaitza, 2-1ekoa izan zen.
Canabalek eta Olazabalek jokatu zuten lau eta erdiko partida. Oberenako ordezkariak 20 urte; Irurtzungoak 33. Beteranoa hasi zen egurrean, sake-errematean agintea hartuz. Jokaldi horrekin min handia egin zuen aresoarrak; aurkariari eta bere buruari, hiru sake huts egin baitzituen. Canabalek hasieratik erakutsi zuen bere arma nagusia: defentsa. Aurrena aurkaria nekatu zuen, ondoren zirrikitu guztiak itxi zituen eta azkenik tantoa bera hasi zen amaitzen. Gauzak horrela, Oberenak lortu zuen finaleko lehen puntua 18-13ko emaitzarekin.
Canabalek 10 tanto egin zituen, horietako bat sakez. Galdutako pilotak lau bakarrik izan ziren. Olazabalek ere 10 tanto egin zituen, horietako bi sakez. Galdutakoak, ordea, 8 izan ziren; horietako hiru, sakez pasa egin ondoren. Markagailuaren ibilera ondorengoa izan zen: 0-3; 1-3; 2-4; 3-4; 4-10; 11-11 eta 18-13.
Finaleko bigarren partida buruz burukoa izan zen, kantxa osoan. Oberenan Garciak jokatu behar zuen, baina eskuetako minez Iruritak hartu zuen bere lekua. Urtebete lesioarekin egon ondoren itzuli zen kantxara Lanzekoa. 22 urteko atzelariaren aurkaria Ongay beteranoa zen. 33 urte ditu Satrustegikoak. Faborito argia zen Irurtzungo ordezkaria, eta 18-6 irabazi zuen partida nahiko erraz. Iruritari ezin zaio ezer kendu, ordea. Oberenakoak partida bikaina jokatu zuen, pilota guztiak gozatuz. Ongay ordea gehiago izan zen bai erasoan eta baita defentsan ere.
Iruritak lau tanto egin zituen, bost hutsekin batera. Ongay-k 13 egin zituen, horietatik sei sakez. Bi pilota besterik ez zituen galdu. Beteranoa, maisu eta finala bana.
Txapela, beraz, hirugarren partidan erabaki zen, binakakoan. Hemen ere Oberena beste aldaketa bat egin beharrean izan zen. Mata eskuetatik justu dabil eta bere ordez 17 urte dituen Oskoz jubenilak jokatu zuen. Bederatzi tanto egin zituen aurrelari gazteak, baina ez zen nahikoa izan. Irurtzungo bikotea beteranoa eta ofizio handikoa zen: Ollo-Bergera. Hasieran parean ibili baldin baziren ere, partidaren bigarren zatian lasaitasunez iritsi ziren 22ra Irurtzungoak.
2-1eko emaitzarekin, beraz, bosgarren edizioaren txapela Irurtzunera joan zen.
Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko Nazio Txapelketaren palmaresa horrela geratu zen atzokoan:
- 2015: Galdakaoko Adixkide.
- 2016: Usurbilgo Pagazpe.
- 2017: Tolosako Tolosa CF-Aurrera.
- 2018: Amezketako Zazpi Iturri.
- 2019: Irurtzungo pilota elkartea.