M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2019

«Gizonezkoei proiektu gehiago ematen dizkiete»

Irati Urdalleta / Iñigo Terradillos 2019ko mar. 9a, 07:59

Amaia Arranz arkeobotanikari tolosarrak gidatutako taldeak aurkitu zuen, munduko ogi arrastorik zaharrena. Orain, Marie Curie beka eman diote, ikertzen jarrai dezan.

Emakumeak gutxiengoa dira, oraindik, zientzian ere.Foundation L'Oreal elkarteak argitaratutako ikerketa baten arabera, esaterako, zientzia ikasketen lehen kurtsoan, ikasleen %32 dira emakumezkoak. Amaia Arranz, ordea, horri aurre egin, eta zientzialari lanetan ari da Kopenhagen.

Gaur egun, nola dago emakumeen eta zientziaren alorra?

Oraindik gauza asko daude aldatzeko. Nire kasuan, esaterako, nagusi bat daukat eta berak kontrolatzen du taldea. Azken finean, bera da proiektuak lortzen dituena, hau da, dirua lortzen duena eta erabakitzen duena nola eta zertarako erabili. Besteok ikertu egiten dugu, galdera zientifikoak dauzkagu, eta horiei erantzuna aurkitzen saiatzen gara. Lan pila bat daude, baina gizonezkoei proiektu gehiago ematen dizkiete eta beraien lanak gehiago aipatzen dira. Emakume arkeobotanikarien artean hitz eginda, ondorioztatu dugu gauza asko daudela aldatzeko. Bigarren mailako bezala sentitzen gara. Izan ere, guk egiten ditugu ikerketak, baina beste batzuk aprobetxatzen dira gure lanaz. Horrela jarraituko dugu, lidergoa sendotu ezean. Txikitatik garatu eta aldatu beharko litzateke hori.

Hutsune bat dago, beraz. Kontu orokortua da?

Bai. Nik hitz egiten dudan emakume bat Ingalaterran dago lanean, bestea Katalunian, bestea Madrilen... Denok sentsazio bera daukagu. Saiatzen bagara pauso txikiak eman eta erakusten guk ere proiektuak aurrera atera ditzakegula, oso positiboa litzateke. Taldekide bezala denok proiektuak lortzeko gai izango bagina, taldea sendotuko litzateke, eta uste dut hori dela bidea.

Jakin berri duzu Marie Curie beka jasoko duzula.

Izugarrizko sorpresa eta ezustekoa izan da, eta oso pozik nago. Nik beti amestu izan dudan ikerketa proiektua egiteko aukera izango dut beka honi esker. Hasteko gogoz nago.

Bi urterako diru laguntza bat da, nire ikerketa aurrera eramateko. Nagoen lekutik mugitzea eskatzen didate, eta Pariseko Museo Nazionalera joango naiz. Horrela, batez ere, formazioa sustatu nahi dute. Niretzako izugarrizko aukera da. Izan ere, Kopenhagen arkeobotanikari bezala ni bakarrik nago, baina nahiko nuke beste norbaiten esperientziatik ere ikastea. Parisen aukera hori edukiko dut, 50 arkeobotanikari inguru daudelako.

Bertan egingo duzun ikerketa zertan oinarrituko da?

Elikagaiekin jarraitu nahiko nuke. Elikagaien ikerketa orain hasi da garatzen, orain arte ez genekien existitzen zenik ere. Ikertu nahi dut, gizakia ehiztari biltzaile izatetik nekazari izatera igarotzean, nola aldatu ziren elikagaiak eta jaten zutena.

Orain Parisera joango zara bi urterako, baina Kopenhagen duzun proiektua amaituko duzu?

Bai, noski. Espero dut Marie Curie lortu dudan arren, Kopenhagera itzultzeko aukera ere edukitzea. Gainera, bertan klaseak ematen jarraituko dut.

Hango taldearekin aurkitu zenuen nekazaritzan hasi aurretik gizakiak ogia jaten zuela.

Uste dut horko material batzuk ere nire proiektuan sartuko ditudala eta haiekin kolaboratzen jarraituko dut ziur. Orain, jakin nahiko nuke ogiaz gain zer jaten zuten. Badakigu zerealak jaten zituztela, baina ez dakigu tuberkuluekin, esnearekin, eztiarekin, odolarekin edo koipeekin zer egiten zuten. Horrelako osagaiak noiz erabiltzen hasi ziren ikasi nahiko nuke. Orain arte, zeramiketan oinarrituta, ikusi dugu Neolito garaian hasi zirela esnekiak erabiltzen edo eztia jaten. Nik badut susmoa, zeramikaren aurretik bizi ziren Neolito garaiko beste gizakiek eta ehiztari biltzaileek ere, duela 20.000 urte inguru, eztia jaten zutela eta esnea kontsumitzen zutela.

Aurkikuntza horiek egiteak zertarako balio du?

Orain arte uste genuen guztia aldatzen da. Egin dugun historian ehiztari biltzaileak landareak jaten hasten dira, gero pixkana ereiten, jarraian gure nekazaritza sortzen da... Beti oso finko izan dugu gure iruditerian, baina, horrelako ikerketek erakuts dezakete, gure ingurunean ditugun animalia eta landareekin izan genituen erlazioak ez zirela uste genuen bezalakoak izan.

Marie Curie beka lortzea ez da erraza.

Urtero jende gehiagok bidaltzen ditu aplikazioak, ikerketak egitea zaila delako. Iristen da momentu bat zure bizitzan, non proiektuak eskuratu behar dituzun, bestela ez daukazulako jatekorik. Jende gero eta gehiago dago egoera horretan. Aurreko urteetan 8.000-9.000 pertsonak bidali zituzten aplikazioak sail desberdinetan: kimika, ingeniaritzak, fisika, zientzia naturalak... Aurten, lehengo urtean baino mila aplikazio gehiago izan dira. Datuak ikusi nituen eta ezinezkoa iruditu zitzaidan, baina zortea izan dut. Proiektua gustatu zaie eta ikusi dute egin daitekeela, eta potentzial handia daukala. Ikerlariontzako pauso handia da. Azken finean, ikerkuntzan askotan egiten dugu lan beste ikerlari esperimentatu baten menpean, eta oso hierarkikoa izaten da. Beka honek ematen dizu aukera zu zeure proiektuaren liderra izateko. Hori, emakumea eta gaztea izanda, oso pozgarria da.

2018 eta 2019 urte oso onak izaten ari dira zuretzat.

Bai, batez ere, gizarteak erakutsi duen interesarengatik. Nik ez nuen espero ogiaren aurkikuntzak horrelako interesa sortuko zuenik, eta horrek asko bete nau. Guk lana diru publikoarekin egiten dugu, gizarteak ordaintzen digu ikertzeko, beraz, ikustea zuk egindako ikerketak interesa daukala eta gizarteak gehiago jakin nahi duela pozgarria da.

Marie Curie emakumea zen eta erradiologian izan zen aitzindaria. Gainera, Nobel sariak jaso zituen fisikan eta kimikan. Eredua da zientifikoentzat?

Bai, eta eredu izan beharko luke neska askorentzat ere. Askotan iruditzen zaigu zientzia gizonen arloa dela, baina, Marie Curie bezala, beste kasu batzuetan ere, emakumeak izan dira oinarrizko zientzia eraman dutenak, baina ikusezinak izan dira batzuetan. Bera genio bat zen. Garai hartan fisikan eta kimikan Nobel Sari bana jasotzeak meritu handia du.

Aipatzen duzun beste hutsuneetako bat arkeobotanika da. Azken aurkikuntza horiek eman diote balio bat?

Bai. Arkeologian gizonezkoak izan dira nagusi, eta aztarnategietako zuzendariak ere gizonezkoak izan dira. Ikuspegi femenino hori sartzea ere beharrezkoa da. Agian topiko bat emango du, baina egia da emakumeok arreta handiagoa jartzen diegula gauza txikiei. Ogiaren kasuan, esaterako, gauza txiki batetik informazio garrantzitsua atera dugu. Beharrezkoa da gure ikuspuntua eta gure lana ere hor dagoela erakustea, eta horri balioa ematea.

Beste hutsune bat Euskal Herriak zientziari eskaintzen diona da.

Laguntza handiak daude karrerak, masterrak eta doktoretzak egiteko. Zentzu horretan, pribilegiatuak gara, baina, behin doktoregoa eginda, hor geratzen zara. Badaude beka batzuk, baina beste bi edo hiru urte bakarrik dira. Gero, formatzera beste instituzio batera joatera bultzatzen zaituzte. Hori oso ondo dago, baina gero itzultzeko ez dago ezer. Milaka pertsona gara kanpora joan garenak, Euskal Herrian ezin dugulako gure ikerketarekin jarraitu. Iruditzen zait esfortzu handia egiten dela, eta gero beste instituzio batzuk aprobetxatzen dutela emaitza. Nire artikulu potoloenak Kopenhagen idatzi ditut eta, berez, Euskal Herrian izan beharko luke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!