Haur, gazte nahiz heldu. Adin askotariko emakumeak gerturatu dira eguerdian Triangulo plazara, bertan hastekoa zen mobilizazioan parte hartzera. Txalaparta doinuek eman diote hasiera ekitaldiari, eta jende uholdea elkartu denean, ekin dio bideari manifestazioak, Bizitzak erdigunean, heteropatriarkatu kapitalistari planto! leloa zeraman pankarta buru zuela. Alde Zaharra gurutzatu du lehenbizi, eta Triangulora heldu denean San Frantziskotik jarraitu du, Foruen Etorbidea hartu, eta Nafarroa etorbidetik Zumalakarregi pasealekua igarota, berriro ere Triangulora heltzeko. Hain izan da jendetsua Triangulora heltzen zirenek San Frantzisko gurutzatzen ari zirenekin bat egin dutela.
Erabat beteriko Trianguloan Tolosaldeko Asanblada Feministak gaurko eguneko irakurketa egin du, bizitzak erdigunean jartzeari azpimarra eginez. Jendarte "justuago" baten alde atera direla munduko emakume guztiak adierazi dute, "gure gizartean bizitza gutxi batzuek beste guztiek baino gehiago balio baitute". Halaber, emakumentzat enplegu duina eskatu dute, baita etxeko lanen aitortza eta emakume baserritarren estatutua garatzea ere. Emakume pentsiodunen %68k 800 eurotik beherako pentsioa jasotzen duela gogoratu dute, eta hamarretik zortzik 600 euro baino gutxiagoko pentsioa jasotzen duela Euskal Herrian. "Honek guztiak ondorio lazgarriak dakartza adineko emakume askorentzat: pobrezia, indarkeria, aislamendu soziala, kolektiboaren ikusezintasuna, infantilizazioa, mespretxua eta erakundeen arreta falta", adierazi dute.
Zaintza erdigunean jartzea aldarrikatu dute, zerbitzu sozial, publiko, doako eta unibertsalekin batera. "Arrazakeriarik eta gerrarik gabeko bizitzak! Kolonialismoaren aurrean, gure gorputza, lurraldea eta lurra defenda ditzagun", esan dute. Era berean, "erraustegia, frackinga, AHT eta lurra suntsitzen duten hainbat eta hainbat proiektu" ere ez direla "bateragarriak" bizitza erdigunean lemarekin adierazi dute.
Askotariko gatazkek zeharkatzen dutela Euskal Herria ere gogoratu dute, "tartean 'euskal gatazka' delakoak". Hori konpontzeko bidean, presoak Euskal Herrira ekartzea eskatu dute, "baita emakume presoek bizi duten isolamendu hirukoitzarekin amaitzea ere". Bestalde, "kultur kolonizazio prozesuen aurrean", euskararen ofizialtasuna eta normalizazioa bilatzen duten politikak behar direla aldarrikatu dute.
Tolosaldeko Asanblada Feministak indarkeria matxistarik eta heteroaraurik gabeko bizitza anitzak aldarrikatu ditu. "Libre izan nahi dugu,ez ausartak!", esan dute. Hala, emakumeak "berbiktimizatzen dituen prozedura judizialekin amaitzea, eta indarkeria matxistari aurre egiteko neurriak hartzea" premiazkoa dela esan dute. Gizonei mezua ere luzatu diete: "Gizonezko sentitzen zaretenei, zuen maskulinatatea berrikustea dagokizue, eta eredu berriak sortzea, indarkeria eta dominazio jarreretatik at". Eta, hezkuntza, berriz, parekidea izatea exijitu dute, "baita testu-liburuetan emakumeak eta hauen ekarpenak ikusgarri egitea ere".
Triangulo plazan burutu den ekitaldia Malentxo eta Maitane gazteek abestuz amaitu dute, arratsaldean etoriko diren ekitaldi gehiagoren zain.