2 segundotan erreserbatu dira Gipuzkoa Encounter jaialdirako 400 postuak

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 7a, 16:14

Martxoaren 22tik 24ra bitarte ospatuko den urteroko informatika eta teknologia jaialdiak, segurtasun informatikoa izango du ardatz aurten. Iaz 15 segundotan amaitu zen izen emateko epea.

Urtez urte, "txundituta" geratzen dira Gipuzkoa Encounter informatika topaketaren arduradunak, "sortzen duen interes handiagatik". Iaz 15 segundotan amaitu ziren erreserbak. "Aurtengo errekorra, ordea, are harrigarriagoa da". 2,1 segundotan erreserbatu dituzte teknologia zaleek ordenagailu postu guztiak.

Ehunka pertsona saiatu dira martxoaren 22tik 24ra bitarte Tolosako Usabal kiroldegian ospatuko den hitzordurako tokia lortzen. Azkarrenek soilik eskuratu dute lekua, ordea. Topaketan parte hartzeko interesa zutenek, "ia arnasa hartzeko tarterik gabe" egin dute erreserba.

Antolatzaileen hitzetan, jaialdiaren webguneak duen sistema sendoari esker, eragozpenik gabe kudeatu ahal izan dira aldi berean iritsitako ehunka eskaerak, eta ziztu batean esleitu dira 400 postuak. Izena eman duten gainerako erabiltzaileak itxarote-zerrendan geratu dira. Inor, baina, ez dute kanpoan utzi nahi. "Interesatu guztiek bertaratzeko aukera izango dute, eguneko pasea eskuratuz edo Opengune zona irekira gerturatuz".  

Guztira, 600 parte-hartzaile inguru espero dira, ordenagailu postua eskuratu dutenak eta eguneko pasearekin bertaratuko direnak kontutan hartuz. Hala ere, jaialdia ezagutzeko gogoa dutenek, gerturatzeko aukera izango dute, publikoarentzat irekitako ekimen anitz egongo baitira. Aurtengo hitzorduak segurtasun informatikoa izango du ardatz nagusi, eta ordenagailuetan nahiz sakelako telefonoetan arrisku informatikoak nola ekidin ikasteko doako hitzaldi eta tailerrak izango dira partaide eta bisitarientzat.

Robotika, programazioa eta datuen analisia bezalako gaiei buruzko formakuntza ere eskainiko dute hainbat adituk. Gainera, errealitate birtualeko esperientziez gozatu ahal izango da, eta jolasen gunean dibertitzeko aukera eskainiko da.

Segundoko, 10 giga

Euskaltelek ezarriko duen sare informatikoak parte-hartzaileei segundoko 10 gigako konexio-abiadura emango die eta, horri esker, nabarmen gaindituko da etxeetako konexioen potentzia. Ondorioz, Estatuko informatika-topaketa azkarrenetarikoen artean kokatzen da Gipuzkoa Encounter.

Euskaltel Konekta fundazioak parte-hartzaileentzat antolaturiko ekintzen artean, arte digital, programazio, bideo-joko, software libre eta hardware txapelketak egingo dira, baita bertaratuen sormena pizteko eta elkar ezagutzeko aisialdi jarduerak ere. Elkarbizitza estu hori gauez ere gertatuko da, ehunka partaidek bertatik bertara dagoen Laskorain ikastolan ezarritako literetan lo egiteko aukera izango dutelako.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!