Beotibarren jokatuko da Euskal Herriko finala

Ataria 2019ko mar. 6a, 07:59

Txapelduna nafarra izango da, baina nor martxoaren 10ean jakingo da, Oberena eta Irurtzunen arteko lehian.

Martxoaren 10ean, Tolosako Beotibarren Euskal Herriko pilota elkarteen arteko txapelketaren finala jokatuko da, 17:00etan. Oberena eta Irurtzun iritsi dira azken lehiara, eta aurkeztuko dituzten lau pilotariak maila apartekoak izango dira. Lau pilotari eta hiru partida finalean: lau eta erdikoa, buruz burukoa eta binakakoa.

Lehen partida kaiolakoa izango da. Oberenak Oian Canabal igantziar gaztea jarriko du kantxan. Pilotari handia izanagatik, 1,87 metro, oso erraz mugitzen da kantxan. Defentsa handikoa, pilota oso zailak harrapatzen dituena eta aurkaria nahasten duena, tantoa berari sartzea ez baita erraza. Pilotari abiadura bi eskuekin ematen dio eta airez bikain moldatzen da; bere bolea ere azpimarratzekoa da. Aurkaria Olazabal aresoarra izango du. Lau eta erdian espezialista. Profesionaletan jokatu eta une honetan sasoi betean dagoena. Sakearekin min handia egiten du eta badaki aprobetxatzen. Partida borrokatua, gogorra eta bizia izango da finaleko lehen puntua erabakiko duena.

Bigarren norgehiagoka kantxa osoan izan da, buruz burukoa. Alde batetik, Arrotxapeako Garciak jokatuko du Oberena taldea ordezkatuz. Banaka espezialista da, aireko defentsa ikaragarriarekin. Postura guztiak dominatzen ditu ezker-eskuin. Tantoa bukatzeko erraztasuna dauka, gantxoz zabalean edo txukuan utziz. Garciaren aurkaria Ongai izango da: manomanista peto-petoa. Kantxan bikain kokatzen da eta horrek abantaila ematen dio tantoa dominatzerakoan. Airez defentsa ona daukan pilotaria da eta sake erremate azkarrekoa. Horrez gain, dejada ederki botatzen du aurkaria engainatuz. Partida hau ere oso erakargarria izango da.

Martxoaren 10eko hirugarren eta azken partida binakakoa izango da. Oberenak Unai Mata eta Joseba Aldabe aterako ditu. Mata etorkizun handiko pilotaria da. Azken denboran defentsa asko hobetu du. Erasoan, berriz, artista hutsa da, batez ere, gantxoarekin. Aldabe joko maila oso onean dagoen pilotaria da, bi esku dotoreekin. Irurtzungo pilota elkarteak, bere aldetik, Ollo eta Bergera kantxaratuko ditu. Bikote ikaragarria osatzen dute. Beraiei tantoa sartzea oso zaila da. Ollok kolpe bortitza eta bolea ikusgarria dauzka. Bergerek ez du pilotarik galtzen atzean. Horrez gain, kantxa ederki kubritzen du.

Amezketako Pilotabizi Elkarteak, txapelketaren antolatzaileak, pilota munduko zortzi pertsonaia omenduko ditu finaleko egunean: Pablo Lopez, Fernando Ruiz De Egino, Iosu Aurrekoetxea, Reyes Azkoitia, Juan Mari Jalon, Iñaki Ibargarai, Juan Mari Doñabeitia eta Mikel Erro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!