Imanol Rojo, 40. izan da bakarkako proban

Ataria 2019ko martxoaren 3a

Imanol Rojo, 55 dortsalarekin. Argazkiak: Facebook

Eskiatzaile tolosarrak, Munduko Txapelketan inoiz lortu duen posturik onena lortu du. Skating modalitateko 50 kilometrotako ibilbidea osatzeko, ordubete, 55 minutu eta 3 segundo behar izan ditu.

Mendiko iraupen eskiak duen probarik luzeena da 50 kilometrotako bakarkako proba. Luzea bezain neketsua. Gaur, Austriako Seefeld herrian ospatzen ari diren Eskiko Munduko Txapelketen barruan, skating modalitateko proba jokatu da, eta bertan izan da Imanol Rojo tolosarra.

Hauxe, Rojok Munduko Txapelketan jokatu duen hirugarren eta azken proba izan da. Aurreko bietan, proba mixtoan eta 15 kilometrotako proba klasikoan, 41. eta 48. izan zen, hurrenez hurren. Hortaz, gaurkoa da tolosarrak Munduko Txapelketan inoiz lortu duen posturik onena.

Ibilbidea osatzeko, ia bi ordu behar izan ditu Rojok, eta irabazle, eta ondorioz munduko txapeldun izan den Hans Christer Holund norbegiarrarengandik 5 minutu eta lau segundora geratu da. Tartean, gainera, denbora galdu du, bastoi bat hautsi zaiolako.

Tolosarrak ez du bere helburu nagusia bete: probaren batean lehen 30 postuen artean sailkatzea. Hala ere, sare sozialetan adierazi duenez, oso pozik geratu da lortutako emaitzekin: "50 kilometro izugarriak. Gozatzen eta sufritzen. Lortutako emaitzarekin pozik. Gutxi falta izan du perfektua izateko. Lastima bastoiarena, baina horrelakoa da kirol hau. Eskerrik asko emandako babes eta animoengatik!".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!