T3T eta T2T mendi lasterketak 2019

T3Trako izen ematea bihar irekiko da federatu gabeentzat

Ataria 2019ko ots. 28a, 05:58

Ekainaren 16an izango da aurtengo Tolosaldeko 3 Tontorrak (T3T) mendi lasterketa. Federatuentzako izen ematea irekita dago eta, bihar, 09:00etatik aurrera, zabalduko dute federatu gabeentzako.

Beste bi proba ere egingo dituzte, T2T eta Gazte Lasterketa, eta horien izen ematea ere bihar irekiko dute. Parte hartu nahi dutenek t3tmaratoia.com helbidean sartu behar dute izena emateko.

T3T lasterketaren bosgarren aldia izango da aurtengoa. Hernio, Uzturre eta Erroizpeko mendiak gurutzatuz Tolosaldea zeharkatzen duen mendi maratoia da. Bidezidorrak, mendi pistak, leku harritsuak eta errepide zatiren batzuk pasatzen ditu lasterketak. Tolosako Trianguloa plazan izango da irteera, 09:00etan, eta helmuga ere bertan izango da. Ibilbideak 43,5 kilometro ditu eta 2.800 metroko gainbehera positiboa. Federatuek 40 euro eta federatu gabeek 42 euro ordainduko dute, izen ematea, apirilaren 30a arte; maiatzaren 1etik ekainaren 5era bitarte, berriz,50 euro federatuek, eta 52 euro federatu gabeek.

T2T probak Uzturre eta Erroizpe mendiak gurutzatzen ditu. 09:30ean izango da irteera, eta ibilbideak 24,5 kilometro ditu eta 1.600 metroko gainbehera positiboa. Izen emateak apirilaren 30a arte, 25 euro federatuak eta 27 euro federatugabeak; eta maiatzaren 1etik ekainaren 5a arte, 30 euro federatuak eta 32 euro federatugabeak.

Gazte Lasterketako parte hartzaileak Uzturre eta Belabieta inguruetan lehiatuko dira. Irteera 10:00etan izango da, eta ibilbideak 13 kilometro ditu; 920 metroko gainbehera positiboa. Apirilaren 30era bitarte, izen ematea 13 euro ordainduko dute federatuek, eta 15 federatu gabeak; ekainaren 5a arte, 18 euro federatuek eta 20 federatugabeek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!