Imanol Rojok 48. postua lortu du Munduko Txapelketako bigarren proban

Imanol Garcia Landa 2019ko ots. 27a, 18:29

Hamabost kilometroko proba egin du Imanol Rojo eskiatzaile tolosarrak Munduko Txapelketan, klasiko eran, eta orain arteko posturik onena lortu du proba horretan Munduko Txapelketak zein Olinpiar Jokoak kontuan hartuta.

Iraupen eskiko Munduko Txapelketan lehiatzen ari da Imanol Rojo eskiatzaile tolosarra, Austriako Seefeld herrian. Gaur egin zuen bigarren proba, 15 kilometroko erlojuaren aurkako proba klasiko eran, eta 48. amaitu du. «Ez nuen espero postu hori lortzea», esan du Rojok Tolosaldeko Ataria-ri egin dizkion adierazpenetan. «Aurreko egunean baino okerrago sentitu naiz, baina egia esan nire postu onena da proba honetan Munduko Txapelketetan eta Olinpiar Jokoetan».

Rojok 42 minutu eta 20 segundo behar izan ditu lasterketa burutzeko, irabazlearengandik 3 minutu eta 57 segundora geratuz. Martin Johnsrud Sundby norvegiarra izan da irabazlea 38.22 denborarekin, bigarren Alexander Bessmertnykh errusiarra izan zen 2,9 segundora, eta hirugarren Iivo Niskanen finlandiarra 20,4 segundora. Guztira 87 parte hartzailek amaitu dute proba. Lehenengo proban, larunbatean egindako 30 kilometroko mistoan, 41. postua lortu zuen Rojok, Munduko Txapelketa batean orain arte lortu duen emaitzarik onena.

Tolosarra hirugarren proba batean lehiatuko da Munduko Txapelketa honetan: 50 kilometroko lasterketa, skating eran. Igande honetan, martxoaren 3an, izango da proba hori. «Esperantza dut helburua lortzea 50 kilometrotako proba horretan. Normalean lasterketa onena izaten da niretzako», azaldu du eskiatzaile tolosarrak. «Beraz, orain atseden hartzea tokatzen da eta ea iganderako ehuneko ehunean egoten garen».

Munduko Txapelketa honetan Rojoren helburua probaren batean 30. postuaren aurretik sailkatzea da. Igande honetan izango du horretarako azken aukera eskiatzaile tolosarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!