Imanol Rojo: «Oso pozik nago nire lehen lasterketarekin»

Imanol Garcia Landa 2019ko ots. 26a, 11:59

Austrian jokatzen ari den iraupen eskiko Munduko Txapelketan parte hartzen ari da eskiatzaile tolosarra; 41. postua lortu du lasterketa mistoan, orain arteko onena.

Imanol Rojo eskiatzaile tolosarra parte hartzen ari da egunotan iraupen eskiko Munduko Txapelketan, Austriako Seefeld herrian. Proba mistoan lehiatu zen larunbatean, eta 41. postua lortu zuen. «Lehen lasterketarekin oso pozik nago», esan du Rojok. «Munduko Txapelketa baten egin dudan postu onena izan da».

Proba mistoak 30 kilometroko ibilbidea zuen, lehen 15 kilometroak era klasikoan egin beharrekoak eta beste 15ak skatingean. Irabazlearengandik 6 minutura geratu zen eskiatzaile tolosarra. Probaren lehen zatia «oso zaila» izan zela esan du: «Hasieratik aurreko taldeak oso indartsu tiratu zuen, eta atzean aterata oso zaila izan zen postuak aurreratzea». Bigarren zatian, skatingean, «oso ondo» sentitu zela esan zuen: «36. denbora onena egin nuen zati horretan, beraz, nire helburutik gertu. Horregatik konfiantza asko daukat etortzear diren probetarako». Tolosarrak gaineratu du «oso ondo» sentitzen ari dela eta falta diren bi probetan helburua lortzea.

Hain justu, Austriara joan aurretik Rojok azaldu zuen lehen hogeita hamar sailkatuen artean egotea handia litzatekeela. Proba mistoan Sjur Roethe norvegiarra izan zen garaile, ordubete 16 minutu eta 18 segundoko denborarekin. Esprint gogor baten ondorioz erabaki zen txapelduna, eta gertu ibili ziren atzetik sailkatu ziren Alexander Bolshunov errusiarra eta Martin Sundby norvegiarra. Rojok, Roethek baino 5 minutu eta 56 segundo gehiago behar izan zituen lasterketa amaitzeko.

ZIRKUITU GOGORRA

Eskiatzaile tolosarrak azaldu duenez, Seefeld herriko zirkuitua gogorra da. «Nire baldintzetako ona dirudi zirkuituak», esan du Rojok. «Pozik nago ere eguraldi nahiko beroa ematen dutelako egun guztietan. Daukadan materiala oso ondo dago, eta gutxika erritmoa hartzen ari naiz eta hurrengo lasterketetan pentsatzen ari naiz».

Larunbatean egindako lasterketa mistoaz gain, Munduko Txapelketako beste bi probetan lehiatuko da Rojo. Bihar, hilak 27, hamabost kilometrotako erlojuaren kontrako proban arituko da, klasiko eran. 14:00etan hasiko da proba. Bukatzeko, 50 kilometrotako karrera luzean, skating eran, martxoaren 3an ariko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!